Zergatik mozorrotzen da benetako eztabaida?

2017/07/19
Uxue Mingo Arruabarrena - ELA Oarso-Bidasoa
Jakina den bezala Errenteriako udalak TAO zerbitzua publifikatzea erabaki du. Tamalez, ez da hartu duen erabaki bakarra; izan ere, zerbitzuaren kudeaketa munizipalizatzeaz gain, beste erabaki garrantzitsu bat ere hartu du; orain arte zerbitzua eskaini duten langileak aintzat hartu beharrean, hauek alboratu eta lanpostu horiek polizia gehiago ezarriz ordezkatzea.

Bi egitate nagusi daude beraz erabakiaren atzean. Lehenarekin, hau da, zerbitzuaren publifikazioarekin guztiz ados gaude; beti defendatuko dugu zerbitzu publikoa azpikontratazioaren aurrean. Baina zer gertatzen da erabakiaren bigarren partearekin? Beharrezkoa al zen eginiko planteamenduan langileak kontuan ez izatea? Ezin dugu ahaztu 25 urtez eskainitako zerbitzuaren atzean pertsonak daudela, langileak. Beraz, pertsona eta langile diren heinean errespetua eta eskubide batzuk zor zaizkie.

9 langile dira kalean geratzeko arriskuan daudenak. Hauetatik denbora gutxien daramanak 15 urte daramatza bere lanpostuan eta hortik aurrera badaude 25 urteko ibilbidea dutenak ere. Gainera, 45 urtez gorako jendea dago lanpostu hauetan. Pentsa dezakezue zein arazo sortu dakizkieken berriz ere lan merkatura irten eta irtenbide duinak topatzeko.

Azken egunetan iritzi ugari entzun dut gai honen bueltan, eta egia esan nahiko arduratuta utzi naute zenbaitek. Badirudi, zenbaiten begietatik, jende honek ez duela elkartasunik merezi, batzuen esanetan euskara dominatzen ez dutelako, besteentzat aurreko gobernuren batek “kolokatu” zituelako edo eta akats argi bat burutuz, euren aldarrikapenak beste aldarrikapenen gainean ezarri zituztelako... Pribilegiatu batzuk direla ere entzun dut fororen batean. Edo pertsona hauek soilik “quehaydelomío” diotela.

Baina nora eraman nahi dugu eztabaida? Ez al dira azken finean euren eskubideen defentsan borrokan dabiltzan langileak?

Euskararen eztabaida zilegia da, baina galde diezaiogun gure buruari ea orain arte zein pausu eman diren udaletik zerbitzu honetako langileek euskararen ezagutzan aurrera egiteko. Arazoa euskara bada jar daitezela medioak ikasteko, langile askok benetan eskertuko lukete.

“Dedokrazia” dela eta, nik ez dakit pertsona hauek nola sartu ziren edota nork jarri zituen bertan. Argi dagoena da horren errudun ezin ditugula langileak egin. Momentuko gobernu edo enpresaburuen arteko “txantxuiloak” izan baziren eurak izango dira errudun zuzenak eta inolaz ere ez ahora zer eraman bilatzen duten langileak.

Kartelen bueltan onartu beharra dago baten batek modu desegokian ezarri zituela beste aldarrikapen batzuk estaliaz. Kasu honetan akatsa onartu eta zuzendu besterik ez zen geratzen eta hala egin zen berehala. Baina badirudi batzuek horren zain zeudela langileen borrokari balioa kentzeko. Gaizki egindakoa aipatzea ondo dago baina ez dezagun benetako eztabaida egitate horien atzean ezkutatu.

Pribilegioen kontuak harridura berezia sortu zidan. Nor da pribilegiatu? Borrokaren poderioz eta urte luzez lan eginez miseria laborala bizitzetik egoera duinetan lan egitea lortu duena? Benetan iruditzen al zaigu halako muturreko egoera pairatzen duen pertsonak momentu honetan pentsa dezakeela “algomásquelosuyo”? Ez ditzagun mesedez gauzak nahasi. Hemen udalak erabaki bat hartu du eta horren ondorioz langile hauen bizitza egun batetik bestera aldatzera doa. Lanik gabe eta etorkizun ilun batekin.

Benetan pentsatzen al dugu euren borroka ez dela zilegia?