2014an sinatutako kontratuen %93,5a aldi baterako izan dira

2015/02/23
Behin-behinekotasuna, enpleguaren elementu prekarizatzailea den heinean, enpleguaren kalitatearen erakusle ere bada. Azken urteetan eman den enplegu suntsiketan hala ikusi da, izan ere, enplegu suntsiketa hori behin-behineko kontratua zuten pertsonei eragin die lehendabizi. ELAk salatu du 2014an zehar sinatutako kontratu guztien %93,5a aldi baterako izan direla.

Adolfo Muñoz "Txiki" idazkari nagusia, Mikel Noval arlo sozialeko arduraduna eta Iñaki Zabaleta ikerketa bulegoko kideak izan dira gaur goizean Bilbo 2014ko enpleguaren bilakaera jasotzen duen txostena aurkezten.

ELAk emandako datuen arabera, enplegua duten pertsonen kopurua hazi egin da, baina hazkunde hau batez ere enplegu partzialak eta behin-behinekotasunagatik eman da. Bestalde, enplegu prekario honen hazkundea prekarietate gehien sufritzen dutenen artean ematen da, emakumeak eta zerbitzu sektorea.

Langabezia tasa Hego Eukal Herrian %16,2koa da, Europa mailan laugarren tasarik altuena izan delarik. Langabezia tasaren eboluzioari dagokionez, azken urtean %16,5etik %16,2ra jaitsi da, 0,3 puntu. Hala ere, langabezi tasaren jaitsiera handiagoa izan da Europan, zehazki, %10,6tik %9,8ra jaitsi da, 0,8 puntu.

ELAk salatu du langabeziaren inguruan ematen den egoera larrienetakoa iraupen luzeko langabezia dela. Hego Euskal Herrian 139.000 pertsona daude langabezian urte bat baino gehiago daramatzatenak. Honek suposatzen du langabeziaren %63a, iraupen luzeko langabezia dela.

Bien bitartean, angabezia-estaldura murriztu egin da: jende gehiago langabezian egon arren, prestazio eta subsidioetara bideratutako gastua murriztu egin da azken urteetan, eta langabetu kopuruaren eta gastu osoaren arteko ratioa %32,1 murriztu da ondorioz.

ELAren aburuz aurreko hazkunde ekonomiko fasean desberdintasunaren hazkunde handia eman zen. Azken hamarkadetan aplikatu diren politika neoliberal eta antisozialek azaltzen dute egoera hau. Horrela, hazkundearekin batera, prekarietatearen zabaltzea, enplegu bat izatea pobrezia egoeratik ateratzearen sinonimo ez izatea, gehien irabazten eta gutxien jasotzen zutenen arteko desberdintasuna areagotzea eta zorpetzearen hazkunde handia eman ziren.

Kapitalak krisia aprobetxatu du instituzioei eta banaketa mekanismoei eraso egiten jarraitzeko (negoziazio kolektiboa txikitu edo zerbitzu publiko eta sozialak murriztu dira). Honek desberdintasunak areagotu besterik ez ditu egin. Eta ondorengo urteetan, hazkundea izan edo ez, norabide berean jarraitzeko oinarriak finkatu dira. Errenta klase ahulenetatik klase boteretsuenetara pasatzean oinarritzen den sistema ekonomiko batean barneratzen ari gara. Gorantz doan banaketa bat da, ez beherantz doana. Iraultza bat, baina antisoziala.

Testuinguru honetan, ELAk ekintza sindikalaren ardatza eredu hau errotik zalantzan jartzean egon behar dela adierazi du. “Aberastasun banaketaren arauak aldatu behar dira, baita planetaren baliabideen muga fisikoen aurrean begiak isten dituen sistemari dagozkion arauak ere”.