ELAk ez du sinatu GES-Enekuriko enplegu-erregulazioko espedientea

2017/02/24
Behin EEE, ERTE eta lan-baldintzak nabarmen aldatzeko kontsulta-aldia amaitu ondoren, ELAk ez sinatzea erabaki du, ez baitago ados neurriak hartzeko formekin, ezta funtsarekin ere.

Langileak kaleratzeko eta lan-murrizketak egiteko plan hori hartzekodunen lehiaketa baten barruan gauzatu da. Aldez aurretik prestaturiko lehiaketa horren helburua 3i inbertsio-funts alemana Cristian Lay enpresa-taldeari saltzea zen. Eta enpresa bat lehiaketan sartzen denean, zorrari kitatzeak egin ahal izateaz gain, abagunea ere bada horrelako doikuntzak egiteko.

Espedientea enpresak estatuan dituen lantokietan gauzatzen ari da, eta adosturik dago CCOOekin (4 kide mahaian), UGTrekin (4) eta CIG-Galiziarekin (2). Aurka ELA (2) eta CGT-Aragoi (1) azaldu dira.

Neurri horren ondorioz 149 langile kaleratuko dira, horietatik 25 Enekuriko lantokitik. Eta, gainera, geratuko diren langileei kontratuaren %33 etengo zaie urtebetez, eta 2017 eta 2018 urteetan soldata-bonusa kenduko zaie.

ELAk enpresaren jarrera salatzen du. Izan ere, prestatu duten jokaleku bat, non proiektu berriari bide eman ahal izateko, langileek ezinbestez uko egin behar dieten beren oinarrizko lan-eskubideei. Salatu beharrekoa da, halaber, CCOO eta UGT sindikatuen jokabide otzana; zeren, enpresaren argudioei txintik esan gabe, beste EEE bat sinatu dute kaleratzeekin, kontratu-etendurekin eta soldata-murrizketekin. ELAk aldarrikatzen du horrelako espedienteei aurre egiteko beharra, eta baita eraginpeko langileen defentsa juridikoa hasteko beharra ere.