ELAk lehen 271 erreklamazio aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzari irakaskuntzan Europako epaiak betetzea eskatuz

2017/02/20
ELAk behin eta berriro salatu du irakaskuntza publikoan jaurlaritzak bultzatu eta urteetan mantendu izan duen prekarietate eta behin-behinekotasuna. Politika horren ondorioz, egun ia 10.000 hezkuntza publikoko langilek behin-behineko kontratua dute EAEn, plantilaren %39 hain zuzen ere.

Lanpostu horietatik 6.000tik gora urtero ikasturte hasieran betetzen diren egiturazko lanpostu-hutsak dira. Honek agerian uzten du jaurlaritzaren urteetako arduragabekeria eta iruzurrezko jokabidea. Are nabariago Europako sententzien argitan.

Jaurlaritzari behin-behinekotasun honek eta iruzurrezko jarduera honek langileak diziplinatzeko eta murrizketak egiteko edota plantilak bere gisara moldatzeko aukera ematen dio kaleratze edo Enplegu-Erregulaziorako Espediente formalen beharrik gabe. Gogoan izan behar dugu, 2009tik Hezkuntza Sailak 2.000 lanpostu inguru “aurreztu” dituela gelako ikasle kopurua %10 handituz.

Milaka dira ikasturte batean zehar dozenaka kontratu izanda edo urtero beraien kontratuak inolako kalte-ordainik gabe amaitu eta hurrengo urtean kontratu berria egiten zaien hezkuntzako langileak. Kasu askotan gainera urteetan urtero kontratu berria lanpostu bera betetzeko egiten zaie. Ehunka dira egoera honetan 5, 10 edo 30 urte daramatzaten langileak.

ELAk behin eta berriro eskatu dio jaurlaritzari iruzurrezko jarduera honekin amaitu eta prekarietate egoera honi irtenbidea emateko, behin-behinekoak diren milaka lanpostu eta langile hauei behin-betiko egonkortasuna eskainiz. Onartezina da administrazio publikoak langile publikoen lan-egonkortasun eta baldintzekin honela jokatzea eta hezkuntza sistemaren eta ikastetxeen plantilen egonkortasunean ondorio larriak dituen politika hau mantentzea. Gutxienez 6.000 dira hezkuntza publikoan administrazioak egonkortu beharko lituzkeen lanpostuak.

Jaurlaritzak ELAren eskaerei eta Europako sententzien harira eskatutako neurriei muzin egiten diela ikusirik, mobilizazioez gain, sindikatuak bide judizialera jotzea erabaki du.

Honela ikastetxeetan egoera honi aurre egin eta buelta eman asmoz duela hiru hilabete abiaturiko kanpainaren bidez lehen 271 erreklamazioak erregistratu ditugu gaur Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailean.

ELAk lan-baldintzei eta hezkuntza sistemaren egonkortasunari eragiten dion egoera honi konponbidea eman asmoz bere negoziazio eta akordio borondatea berresten du. Baina, jaurlaritzak orain arteko jarrera mantentzen duen heinean mobilizazioa eta bide judiziala beste biderik ez digu uzten.