Estatuko administrazioak enplegua suntsitzen jarraituko du

2017/03/28
Estatuko Gobernuak enplegu publikoa hobetzeko proposamena guztiz urria da. ELArentzat onartezina da enplegu publikoa suntsitzen jarraitu nahi izatea, azken 5 urteotan Estatuan milioi erdi lanpostu publiko suntsitu direla kontuan izanik.

Joan den ostiralean Estatuko Gobernuak azken zirriborroa aurkeztu zuen Estatuko Administrazio Publikoetako Mahai Orokorrean, enplegu publikoa hobetzeko akordioaren inguruan.

 

ELAren iritziz proposamena guztiz urria da, austeritate-politiken jarraipena besterik ez da. Politika horien ondorioz milioi erdi lanpostu publiko galdu dira orain arte. Proposamenean ez zaio konponbiderik ematen administrazio publikoetako enpleguaren egoera larriari, eta gainera herritarrei ez zaie bermatzen zerbitzu publikoak duinak izatea.

 

Gobernuak ostiralean aurkezturiko azken zirriborroaren arabera ez da igoko ez gastua, ezta pertsonala ere. Horrekin batera, zenbait sektoretan proposatzen diren birjarpen-tasak %50 ingurukoak direla kontuan hartzen badugu, akordioak enplegu publikoaren suntsipen gehiago ekarriko du, eta baita sektore publikoa pribatizatzeko bidetik jarraitzea ere.

 

ELAk salatzen du sindikatuaren ekarpenetako bat ere ez dela jaso Gobernuaren proposamenean. ELAk aurkezturiko dokumentuan, besteak beste, iradoki zen birjarpen-tasak sektore guztietatik kentzea eta esku ematea autonomia-erkidego guztiei, EPEak eta enplegua finkatzeko prozesuak abiarazteko, beti ere bi helburu hauei begira: plantillaren egitura-beharrizanak asetzea, eta herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea.

 

ELAk beraz uko egin dio proposamen horri, eta eskatzen die Gasteizko eta Iruñeko gobernuei berez dagokien autonomiari eusteko, eta Madrildik markaturiko jarraibideetatik bereizteko; horien ondorioz Hego Euskal Herrian 23.000tik gora ( EAE 20.000 tik gora eta 3.000 gora Nafarroan) lanpostu publiko galdu baitira orain arte, eta behin-behineko tasak %35eraino igo.

 

ELAk premiazko eskari hauek plazaratu dizkie Gasteizko eta Iruñeko gobernuei: EPEak egiteko negoziazio-prozesuak abiaraztea, aldi baterako enplegua finkatzeko prozesuak, zerbitzuen pribatizazio eta azpikontratazio berriak geldiaraztea, negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratzea, akordioak osotasunean betetzea, eta galdutako eroste-ahalmena zein eskubideak berreskuratzea.