Eusko Jaurlaritza adarra jotzen ari da langile publikoei, 2012an kendutako aparteko paga 2018an itzuliko duela esan duenean

2017/06/06
Eusko Jaurlaritzak esan du 2012an kendu zen aparteko pagaren hirugarren laurdena ordainduko duela; ELAk gobernuari galdegiten dio berehala ordain diezaiela langile publikoei zor zaien %50a. Oraindik ere paga dela eta bere langileekin zorretan dagoen Euskal Herriko administrazio bakarra da.

Hedabideetan esan duenez, Jaurlaritzak 2012ko pagaren %25 aurtengo ekainean ordainduko du, eta gainerako %25a, 2018ko urtarrilean. ELAk gobernuari exijitu dio zr den %50 berehala ordain dezala, eta azken urteetan galdutako eros-ahalmena berreskuratzeko urratsak egin ditzala.

ELAren ustez Jaurlaritza adarra jotzen ari da EAEko langile publikoei, esaten duenean zorraren azken zatia 2018an ordainduko duela; areago Hegoaldeko gainerako administrazio eta erakundeek -udal guztiek, hiru foru Aldundiek eta Nafarroako Gobernuak- dagoeneko ordaindu dutela jakinik.

Sindikatuak Jaurlaritzaren hipokrisia salatu du; izan ere, datorren urtarrileko ordainarekin amaituko baita “espainiar oinarrizko legediaren ondorio” izan den gatazka. Gai honetan, beste batzutan bezalaxe, ez da gatazkarik gertatu: Urkulluren gobernuak Madrilek agindutako murrizketak banan-bana ezarri ditu; erabakiok euskal herri-administrazioko langileengan eta zerbitzu publikoetan kalte handia eragin dute. Datu jakingarria da Madrilek 2016tik aurrera erregularizatzeko aukera ematen duela, baina hemen zorra 2018ra arte ez da kitatuko.

Bestalde, iragarpena hedabideen bitartez egiteak agerian uzten du administrazio honek langile publikoekiko duen errespetu eskasa, eta ez duela euskal arlo publikoko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea aintzat hartzen.

ELAk galdegiten du Eusko Jaurlaritzak berehala dei dezala mahai orokorra, sinatutako akordioak betetzeko, langile publikoek galdu duten eros-ahalmena nola berreskuratu negoziatzeko, eta arlo publikoan 35.000 kalitatezko lanpostu egonkor sortu eta finkatzeko. Horretarako ordezkapenak lehen egunetik egin beharko lirateke, egiturazko postu guztiak eta baja begetatiboei dagozkienak lan-eskaintza publikora atera, zerbitzuen pribatizazio eta azpikontratazioa bertan behera utzi eta, horrenbestez, zerbitzu publikoen hobekuntza lortu.