Getariako Industrias Auxiliares, S.A.U. (Indaux) lantegian lan hitzarmena sinatu da

2017/01/21
Bi egunetako lanuztearen ondoren eta bost egunetako greba deialdi baten bezperan, lan hitzarmenaren inguruan akordioa lortu da, Indaux enpresan. Akordio hau, enpresak dituen bi lantegietan aplikatuko litzateke, hau da, Aian eta Getarian. Akordio hau langileek onetsi beharko dute astelehenerako deitu den asanblada orokorrean

Akordio berri honek, 2017, 2018, 2019 eta 2020rako, KPI+0,55eko soldata igoerak jasotzen ditu. Hala ere, 2017an 200 eurotako ordainsari bat gehituko litzateke, kontsolidatzen ez dena. Ahaztu gabe, 2015 eta 2016 urteetarako %0,3ko igoera ere jasotzen dela.

Bestalde, hitzarmen honek errelebu kontratuak egin ahal izateko neurriak jasotzen ditu, prekarietatearen aurkakoak, hala nola, diru gutxien jasotzen duen soldata taula ezabatuz, behin behineko kontratu batzuk mugagabe bihurtzea, etab. Era berean, zuzendaritzak baliorik gabe utziko luke mutuen erreforma. Indauxko langileek ez dute nahi inork negoziorik egitea euren osasunaren kontura.

ELAk azpimarratu nahi du hitzarmen honek, Indaux-en izan den lehen hitzarmenak (aurretik enpresa itun bat zuten) lan erreforma indargabetzen duela, honen aurkako artikuluak jasoaz eta alde horretatik, enpresak bere kabuz soldatak ez aldatzeko eta hitzarmena ez aplikatzeko neurriak ezartzen zaizkio.

ELAren aburuz lan hitzarmen honek agerian uzten du antolakuntza eta borrokaren bitartez, lan hitzarmen duinak lor daitezkeela. Euskal Herrian, lan erreforma baliogabe uzteko bidean aurrerapausu haundi bat ematen da.

Azkenik, ELAk adierazi nahi du benetazko negoziazio kolektiboaren ordua iritsi dela, langileek sortzen duten aberastasuna egiazki banatuko duena eta egoera ekonomikoari lotua izango den negoziazio kolektiboarena.