Greba Zarauzko polikiroldegian

2017/02/17
Kiroldegiko langileek hilabeteak daramatzate euren eskakizunak Zarauzko Udalari eta enpresei mahai gainean jartzen. Honako hau da BPXport eta Balea Igeriketako langileen eskakizun bakarra: enpresekin hitzarmen duin bat sinatu eta Udalak argitaratu berri dituen pleguetan hitzarmen horri erreferentzia egitea.

Prentsa Agiria:

Hilabete neketsuak izan dira denontzat. Tartean, Udalari hamaika aldiz deitu zaio, bilera eskakizun formalak egin zaizkio hainbatetan eta modu askotara saiatu gara eurekin bildu eta arazoari irtenbide bat ematen. Baina ez da posible izan. 10etik 2tan egin digute kasu eta horietan, arreta handirik ez digute eskaini.

Gure hitzarmenaren plataforma 2016ko uztailetik daukate esku artean eta orain 3. greba eguna burutu dugu.

Orduz geroztik berdin jarraitzen dugu, arazoa mahai gainean eta konponbiderik gabe. Udal gobernuko ordezkariok: zer egin behar duzue honen aurrean? Gezurrak esateaz gain, arazoa konpontzen benetan saiatuko al zarete? Bada garaia arduraz jokatzeko.

Izan ere, egia da plegua argitaratu dutela, egia da pleguan subrogatuak izan behar diren langileen zerrenda azaltzen dela. Ez dugu ahaztu behar langile hauek mantendu behar dituztela, derrigorrez, legez.

Halere, langileen lan baldintzak arrisku larrian jartzen dira plegu horretan. Eta udal gobernu honek eskumenak ditu plegu hori aldatzeko. Borondatea da falta dena, borondate politikoa. Euren erabakia langileen baldintzak prekarizatzen jarraitzea da, enpresen mesedetan.

Atera berri dituzten pleguen 17. klausulan ondorengoa idatzi dute:

¨ Kontratuak dirauen bitartean aplikatzekoa den indarreko hitzarmen kolektiboa bete beharko du enpresa esleipendunak ¨

Honek zer esan nahi du ? Irekita uzten dela prekarietatearen atea. Orain arte aplikatutako hitzarmena indarrean ez badago edo ez bada langileek aldarrikatzen duten hitzarmen propio bat adosten, baldintza askoz okerragoak biltzen dituen hitzarmena aplikatuko zaie.

Bestetik, pleguaren baldintza ekonomikoak aztertuz, argi ikusten da zerbitzu merkeena eskainiko duen enpresen alde bideratuta dagoela esleipen prozesua.

Klausulak ondorengoa dio: ¨ Aurreko prezio guztiak gehienezkoak izango dira; hortaz, lizitatzaileek prezio horiek beherantz hobetzeko aukera izango dute.

Honen ondorioz eta jakinda honelako enpresetan gastuaren %85 pertsonaleko gastua dela, zer merketuko da? Nork ordainduko ditu merketze honen ondorioak? Erantzuna argia da: langileek. Baina ez bakarrik langileek, baita Zarauzko kiroldegiko erabiltzaileek ere, hau da, herritar guztiek. Ez dezagun ahaztu kiroldegi honek egunean 1600 erabiltzaile dituela.

Udal Gobernu honen hautua garbia da: duintasuna eta prekarietatearen artean, prekarietatea aukeratu dute.

Eta ahaztu egin al zaizue, zuek Zarauzko Udaleko Gobernua hartu zenutenean zuen soldatak %40 igo zenituztela inori ezer esan gabe? Batzuen poltsikoak bete bai, besteenak ezta pentsatu ere!

Dagoeneko aspertu gara, baina indartsu eta gure lan baldintzen alde borrokatzeko gogoz gaude. Zuek derrigortzen gaituzue mobilizatzen jarraitzera. Zuek eragin duzue gatazka. Borondate politikoa balego, konponbidea legoke.

Argi utzi nahi dugu langileok negoziatzeko eta gatazka honi irtenbidea emateko borondate guztia daukagula. Baina ez dute nahi. Berriz ere azpimarratu nahi dugu: borondate politikoa badago, konponbidea dago. Zuen esku dago.