Langabeen erdiak ez du inolako prestaziorik jasotzen

2014/03/10
ELAk enpleguaren bilakaerari buruzko txostena plazaratu du gaur goizean Bilbon. Txostena jasotzen duenez, 2013. urtean 18.400 enplegu suntsitu dira. Honek enpleguaren %1,7ko galera suposatzen du. Horrez gain, langabeen % 48k ez duela inolako prestaziorik jasotzen dio txostenak. Enplegu duina kimera bihurtu dutela salatu du Adolfo Muñoz "Txiki", ELAko idazkari nagusiak egoera honi aurre egiteko borrokaren beharra aldarrikatu du.

ELAko idazkari nagusiarekin batera, Mikel Noval, arlo sozialeko arduraduna eta Iñaki Zabaleta, ikerketa bulegoko kideak hartu dute parte gaur goizeko aurkezpenean. ELAko ordezkariek adierazi dute ez dela ezer ere egiten langabeen egoera gordina arintzeko. “Ajusteak eta murrizketak ezin dira ekonomia errealarekin eta enpleguarekin bateratu. Doikuntza politikei eustean langabezia gehitzen da, eta gure jendea, pobretu”. Muñozen hitzetan “propaganda alde batera utzita, politika publikoetako gai nagusiak PPrekin adosten dira. Bat datoz, baita Urkullu eta Barcina, defizit publikoan, lehentasun osoa ematerakoan zorra ordaintzeari, aurrekontuen diziplinan, murrizketa sozialetan edo fiskalitatean".

Bestalde, behin-behinekotasuna gora doa lan-erreformen eta enplegu-politikaren ondorioz, eta lan-baldintzak gero eta kaskarragoak direla azaldu dute. Horrela, 2013ko datuek erakusten dute 2013an sinatutako 934.890 kontratuetatik 877.840 aldi baterakoak izan direla; hau da, % 93,8. 2014ko urtarrilean, ehuneko hori % 93,2 izan da.