Unai Rementeria, Donald Trumpen urratsei jarraiki

2017/02/27
ELAren ustez onartezina da erakunde demokratiko batek pertsona bati ekitaldi ireki batean parte hartzea debekatzea sindikatu bateko kide izateagatik. Hala gertatu zen iragan den otsailaren 23an Santurtziko Dorrean, Aldundiak antolatutako hitzaldi ireki batean udalerriko herritar bati sarbidea ukatzean. "Kasualitatez", ELAko Bizkaiko erresidentzietako arduraduna zen.

Rementeriak betoa jarri dio ELAko kide bati. Herritarren kezkak entzuteko Santurtzin antolatutako hitzaldi ireki batera sarbidea ukatu zion Bizkaiko erresidentzietako ELAko arduraduna zela frogatzean. Esan beharra dago herritar horrek bazuela Diputazioaren gonbidapena ustez irekia zen hitzaldi horretan parte hartzeko. Halere, arduradunek ELAko militantea zela konturatzean, Ertzaintzari agindu zioten sarbidea ukatzea, modu autoritarioan eta inongo azalpenik eman gabe, gainera.

Nabarmendu beharra dago, Santurtziko herritar hau ELAko militantea izateaz gain, Bizkaiko erresidentzietako lan-gatazkaren arduraduna ere badela. Horrek agerian uzten du Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren profil politikoa: herritarren kezkak eta galderak entzuteko antolatzen dituen ekitaldi irekietatik kanpo uzten ditu bere iritzi berekoak ez diren pertsonak.

Lan-gatazkaz haratago, demokrazia kutsurik gabeko ekintza baten aurrean gaude.

Aste honetan bertan ikusi dugu Donald Trumpek bere politikekin bat ez datozen komunikabideei betoa jarri diela. Onartezina da halakorik gertatzea AEBetan eta onartezina ere Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gauza bera egitea sindikatuko kideekin. Autoritatean oinarritutako jarrerak onartezinak dira mundu osoan.

ELAren aburuz, oso larria den ekintza honek argi utzi du erakunde honen jokabidea zein den: patronalaren jarrera guztiak babesteko foroetan parte hartzen du, Bizkaiko erresidentzietako gatazkan esku hartzeari uko egiten dio eta langileen kezkak entzuteari muzin egiten dio.

Guztiz autoritarioa den ekintza honen aurrean, ELAk erantzukizunak argitzea eskatzen du.