Leioako Arteako Merkatalgunean mobilizazioak lanerako hobekuntzak aldarrikatzeko

2017/05/24
Gaur egun Artean 1.500 enplegatu baino gehiago dabil jardunean. Merkatalguneko Kudeatzailetzak probintzia-hitzarmenak ez betetzera eta enplegatuen lan-baldintzak okertzera gonbidatu ditu enpresak. Hori dela-eta, gaur merkatalguneko langileak elkarretaratu dira, eta begiramen gehiago ez ezik, eguneroko lanerako hobekuntzak ere erreklamatu dituzte.

Duela zenbait hilabetetatik hona Leioako Arteako Merkatalguneko Kudeatzailetzak trabak jartzen dizkiete langileei: enplegatuentzako sarbideetako bat murriztu dute, enplegatuentzako aparkalekuan ez dago plaza nahikorik eta daudenak egoera txarrean daude... eta gainera Kudeatzailetzak bertako enpresariak bultzatu ditu lan-arloko arauak ez betetzera, eta hortaz enplegatuen lan-baldintzak okertzera.

Horrek ondoeza sortu du Arteako langileengan, sektore guztietan (ostalaritzan, ehunkien dendetan, zerbitzuetan...) eta enpresa-mota guztietan (ETEetan eta enpresa handietan).

Merkatalguneak ez ditu kontuan hartzen bertako langileak. Diru-etekinak lehenesten ditu, legearen edo bertako ohituren araberako lan-baldintzen aurretik. Merkatalguneko jokabide hori zentzugabekeria hutsa da, eta horregatik ELAk eskatzen dio Kudeatzailetzari Arteako 1.500 enplegatuekiko daraman jarrera berriro pentsatzeko.

Merkatalguneak (enpresa pribatu espainiarra) Arteako ordutegia zabaltzea du xede. Eta horri begira, enpresak bultzatzen ditu hitzarmen kolektiboak urratzera eta langileekin lorturiko akordioak haustera.

Joan diren Eguberri-jaietan (abenduak 24 eta 31), esate baterako, Kudeatzailetzak zentroko dendak eta jatetxeak behartu zituen 20:00ak arte irekita egotera, edo bestela isunak jartzearekin mehatxatu zituen. Agindu hori Arteako langileen lan-baldintzen aurkakoa da, ordura arte enpresa bakoitzak bere akordioak zituen bere enplegatuekin, eta Gabonetan familia-kontziliazioa erraztearren dendak eta tabernak arratsalde erdian ixten ziren.

Joan den udan ere beste horrenbeste egin zuten ehunkien dendetan. Probintzia-hitzarmenaren arabera uztail, abuztu eta iraileko larunbat arratsaldeetan ez da lan egiten, baina Merkatalguneak enpresak eta langileak behartu zituen lan egitera. Dena dela, orduan langileak hitzarmenaren alde agertu ziren, eta bertan behera geratu ziren Kudeatzailetzaren asmoak.

Gaur egun Artean 1.500 enplegatu baino gehiago dabil jardunean, honela banaturik: 500 dendetan (ehunkiak, orokorra...), 400 azalera handietan, 200 ostalaritzan, 60 aisiarekin loturiko negozioetan, 200 zerbitzuetan eta 150 beste batzuetan. Enplegatuen %70 emakumea da.

ELAk ez du onartzen, ezta onartuko ere, Arteako Kudeatzailetzarena bezalako jokabiderik. Merkatalguneak enpresarien eta langileen arteko akordioak errespetatu behar ditu, eta lantoki horretako lan-baldintza guztiak duinak izatea begiratu. Artearen ezaugarrietako bat kalitatea bada, lan-baldintzak ere kalitatezkoak izan behar dira.