CEL Technologies & Systems taldearen egoerak etorkizun beltza eragingo du Enkarterrietan

2017/07/11
CEL taldea kinka larrian dago: hiru dira dagoeneko lantokietan argindarrik gabe dauden enpresak. Egoera latz horren aurrean, Eusko Jaurlaritzari inplikazioa eskatu diote, benetako industria politikak abian jarri ditzan. Eskualde osoarentzat porrota dela adierazi du gaur enpresa Batzordeak Bilbon eskainitako prentsaurrekoan. Erakundeekin izandako bilerak oso urriak izan direla baieztatu dute, betiere, enpresa-batzordeen eskariz. Salatu dutenez, ustekabean harrapatu ditu albisteak: Eusko Jaurlaritzak taldearen etxe nagusiaren akzioen %40 utzi du.

Enpresa Batzordearen agiria

CEL Taldearen enpresa guztiak papergintzan aritu dira joan diren 50 urteetan gure eskualdean. Iaz, 2016an, 62 milioi eurotik gorako fakturazioa izan dute, 1.2 milioi euroko EBITDA emaitzak, eta cash flow positiboa lortu. Eskualde honetan zuzeneko enpleguko 254 lanpostu ditu, eta kontratak batuz 300eraino ere heltzen da. Zeharka, gainera, eragin nabarmena du beste sektore batzuetan, besteak beste, Enkarterriko hornitzaileetan, ostalaritzan eta merkataritzan. Enpresa horiek ixten badira, kinka larrian geratuko dira ehunka familia, jarduera horrekin estu loturik baitaude.

Oraingo egoera oso larria da. Izan ere, ostiralean enpresak azaldu zizkigun irtenbideak ez dira gure gogokoak, ez baita kontuan hartu ekoizpenaren normalizazioa lantokietan.

Oraingoz hiru lantokietan argindarrik gabe eta lehengairik gabe jarraitzen dugu, eta hori ez dute konpondu oraingo jabeek, ezta Eusko Jaurlaritzak edo Bizkaiko Aldundiak beren industria-politikekin ere.

Erakundeen jokabidea etsigarria izan da, enpresen aldeko industria-politiketan ez dago edukirik, ez ezer, propaganda hutsaz besterik. Dagozkien erantzukizunak astintzen saiatu dira, lehen jabekideak baitziren, eta orain dela gutxi aldendu dira akziodunen artetik.

Zoritxarrez, erakundeekin izan ditugun bilera apurrak enpresa-batzordeen eskariz izan dira. Guk sinetsita geunden erakundeek zerbait egingo zutela, etorkizuna zuen proiektu errentagarri horren bideragarritasun-arazoa konpontzearren. Baina ustekabez ikusi dugu Eusko Jaurlaritzak taldearen etxe nagusiaren akzioen %40 besterendu zituela maiatzaren 18an, industria- eta finantza-erantzukizunak saihestearren. Akzioak utzi eta bost egun geroago bilera bat izan genuen Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Arantza Tapiaren ardurapeko sailean, eta akzioak uztekotan zeudela esan ziguten. Baina engainatu gintuzten, ordurako akzioak utzita zeuzkaten; guk horren berri bi aste geroago jakin genuen enpresaren ahotik.

Urkullu lehendakaria bera, Turtziozen Agirre lehendakariaren euskal lurretan eman zuen azken hitzaldiaren oroitzapen-ekitaldian, ez zen makurtu guri entzutera, edo gure proiektuari nolabaiteko babesa ematera; alderantziz, bertan behera utzi gintuen, halabeharrak zer ekarriko digun zain.

Bizkaiko Aldundiak, Abellanedan bildurik, eta diputatu nagusi Unai Rementeriak adierazi digute ahal duten guztia egingo dutela geldirik geratu diren instalazioak berriro abiarazteko. Baina gu argindarra noiz jarriko diguten zain gaude. Areago, makineriaren egoera, ebaluazio eta diagnostikoari buruzko peritu-txostenak zer dioen ez digute jakinarazi, eta bitartean enplegua eta etorkizuna kolokan daude.

Konkurtso Administrazioak ostiralean adierazi zigunez, egoera ezin iraunezkoa da; inbertsiogilerik sartu ezean, ERTE edo EEE batera joango gara. Antza, bi inbertsiogile interesatu daude, aste hauetako batean enpresak bisitatuko dituztenak. Inbertsiogile horiei oraingo jabeek ez zieten sartzen utzi konkurtsoaren aurretik eta konkurtsoan zehar. Baina Eusko Jaurlaritzak bere akzioak oparitu dizkie. Oraingo jabeek gaurko egunean ez diete oraindik bideragarritasun-planik aurkeztu langileei, etorkizunari eusteko berme gisa.

Zuzendaritza hori, Zurbost Gestión, oraingo egoeraren errudunak dira, eta herri-erakundeek urte askotan sostengua eman diete, maiatzaren 18ra arte, industriaren, merkataritzaren eta finantzaren ibilbidean. Beraz, erakundeek ere badute beren erantzukizuna kudeaketa horretan, eta etorkizunari begirako irtenbidean parte hartu behar dute, Enkarterrian hain erroturik dagoen proiektu honi ─industriaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik─ industriaren eta finantzen estaldurak emanez.

CEL Taldeko enpresa-batzordeek ez dituzte ahaleginak xuhurtuko konponbide bat bilatzeko, baina aldi berean egoeraren errudunen jokabideak salatuko dituzte, harik eta industria-proiektuak bideragarritasuna izan arte.

Hori horrela, eta enpleguari eusteko asmoz eta CEL Taldeko lantegietako industria-proiektua bermatzeko helburuz, erakundeetan eta herrietan mobilizazioak antolatzen jarraituko dugu; eta ildo horretatik, datorren ostegunean, hilak 13, ibilaldi bat abiatuko da 06:00etan Arangurengo Ecofibras lantegitik (argindarrik gabe) Bilboraino, Eusko Jaurlaritzaren aurrean geldialdi bat eginez, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean amaitzeko.