Nafarroan 35.938 pertsona daude langabe eta %58,8ak ez du inolako langabezia prestaziorik jasotzen

2017/07/04
Nafarroan 35.938 pertsona daude langabe eta %58,8ak ez du inolako langabezia prestaziorik jasotzen. Egoera kezkagarria da Nafarroan, langabeziak maila altuan segitzen duen bitartean langabeen gehiengoa inolako babesik gabe baitago eta egiten diren kontratuak oso prekarioak baitira. Gainera, egiten diren kontratu ia guztiak aldi-baterakoak dira, horien luzaera oso laburra delarik.

Langabeziak behera egin duen arren, oraindik ere 35.938 pertsona daude langabezian izen-emanda Nafarroan. Horietatik 21.018 emakumeak dira eta 3.523 gazteak.

Egindako kontratuak 35.304 izan dira azken hilabetean, ia denak aldi-baterakoak izanik (%94,5 hain zuzen). Kontuan hartu beharra dago kontratu tenporalen erdia gehienez 30 egunerako izaten ari dela, eta kontratu guztien herena baino gehiago jardunaldi partzialetarako dela.

Langabeziagatiko prestazioei dagokienez, maiatzean langabe zeuden 36.773 pertsonetatik soilik 15.160k jaso zutela babes-sistemaren estaldura hau, langabeen %58,8 inolako langabezia prestaziorik gabe geratu zelarik. Gainera, hartzaileen erdiak (%52,4ak) besterik ez zituen jaso kontribuzio-mailako prestazioak, gainontzekoek (%47,6ak) sorospen erako prestazio murritzagoak jaso zituelarik.