ELAk hitzarmena adostu du Gipuzkoako errepideak mantentzeko ITS enpresarekin

2016/10/27
ITS Aldi Baterako Enpresa Batasuna bat egitekotan zegoen Gipuzkoako errepideak mantentzeko beste hiru UTEk daramaten ia 8 hilabeteko grebarekin. Grebaren zergatia enpresa-hitzarmenaren negoziazioa erabat geldirik egotea zen, baina greba hasi baino ordu batzuk lehenago ELAk akordio bat lortu du.

ITS UTEak AP1 eta AP8 autobideetako elektrizitate-mantenimendua egiten du, baina aste honetan greba mugagabe bati ekiteko zorian zeuden langileak, ELAk deiturik. Grebaren zergatia enpresa-hitzarmenaren negoziazioa erabat geldirik egotea zen, baina greba hasi baino ordu batzuk lehenago ELAk akordio bat lortu du, eta langileek nahikotzat jo dute, sektoreko langileen lan-baldintzak duintzeko prozesuan.

Langile horiek, zenbait alde gorabehera, antzekotasun ugari dituzte ia 8 hilabeteko greban dauden beste hiru UTEetako langileekin. UTE honetan greba bertan behera uzteko arrazoiak, ordea, hauek dira:

  • Lan-baldintzak enpresa-hitzarmen batean jasotzea, lan-erreforma enpresatik kanpo uzteko.

  • Eraikuntzaren Probintzia Hitzarmenaren testua eta soldata-taulak enpresa-hitzarmenean txertatzea. Orain arte erreferentzia-hitzarmena Metalarena izan da. Aldaketa hori dela-eta, soldatak 2000 eta 3000 € bitartean igoko dira urtean.

  • Kategoriak berraztertzea, benetan egiten den lanaren arabera.

ELAk egintzekin frogatzen du —horra hor oraingo hitzarmen hau— akordioak negoziatzeko eta adosteko borondatea. Eta bide horretatik eraman nahiko genuke ia 8 hilabeteko greban dauden gainerako hiru UTEen gatazka. Greba bukatzeko giltza akordioaren edukietan eta oraingo eta geroko aplikazio-bermeetan dago. Espero dezagun Gipuzkoako Foru Aldundiak dagokion eran jokatzea, eta herri honetako grebarik luzeenari amaiera bat bilatzen ahalegintzea.