ELAk Iruñeko Udaleko akordioa sinatu du 10 urtez blokeatuta egon eta gero

2017/04/12
Testuak ez ditu ELAk nahiko lituzkeen aldarrikapen guztiak biltzen, baina Sindikatuak oso positibo baloratzen du behin-behinekotasuna %6ra murrizteko Udalak egindako apustua, ultraaktibitatea mugagabea izatea eta (ekonomikoki edo maila bidez) euskara sendotu eta sustatzeko pausoak.

ELAk bere atal sindikalarekin egindako hausnarketa sakonaren ondoren, honako testua babestea erabaki du. Nahiz eta sindikatuaren aldarrikapen guztiak barne ez hartu, abiapuntu ona dela irizten du, sindikatuak markatutako marra gorriak errespetatu baititu. ELAk eskatu bezala, Udalak administrazioan dagoen behin-behinekotasuna %6tik behera murrizteko konpromezua hartu izana positibotzat jotzen dugu, prekarietateari aurre egiteko modu bat delako. Horretaz gain, ELAk txalotu egiten du aurreko gobernuaren euskararekiko jarrera deuseztatzailearekin bukatu izana, eta aintzat hartzen du oraingo gobernu taldeak euskararekiko egiten duen apustua, bai herritarrentzako harrera elebitan bermatu ahal izateko eta baita langileen euskalduntzean laguntzeko ere. Dokumentuaren edukietan aurreraeragin (ultractividad) mugagabea ezarri izanak ere, sinatutako baldintzak hurrengo negoziaziora arte irauntzea ekarriko du.

Era berean, akordio honek Udal honetako langileek zuten aldarrikapen historikoa den C eta D mailetako promozioa jasotzen du, mailakoa edota ekonomikoa, kasuak kasu. Langile hauek beraien funtzioak kontuan hartzen direla ikusiko dute, eta ondorioz, ordaindu egingo zaizkie. Testuak, gainera, beste udal batzuetan "esperientziagatiko saria" bezala ezagutzen dena jasotzen du, hau da, onartutako hirurteko bakoitzeko 4 orduko librantza izateko aukera.

ELAk positiboki baloratu du behin-behinekotasuna murrizteko apustua, ultraktibitatea, promozioa eta euskarari emandako bultzada, baina faltan sumatzen du legeak ezartzen dituen mugetatik aldentzeko Udalaren autonomia, eta horrela Udalak dioen langileen baldintza "ekonomikoak eta sozialak" hobetzeko duen borondate politikoa gauzatu.