Bost urtean 1.582 milioi euro galdu dira Hegoaldeko soldatetan

2017/04/10
Soldatek aberastasunean duten pisua era nabarmenean murriztu da. Azken bost urtetan langileriek guztira 1.582 milioi euro gutxiago eraman dituzte poltsikora Hego Euskal Herrian. Egoera honen aurrean, soldaten eros-ahalmena handitu beharra dagoela azpimarratu du ELAk.

Soldaten bilakaerari buruzko txostena aurkeztu du ELAk gaur goizean Bilbon. Adolfo Muñoz "Txiki" Idazkari Nagusiarekin batera, Joseba Villarreal eta Mikel Noval, negoziazio kolektiboko eta arlo sozialeko arduradunek hartu dute parte agerraldi honetan. Ikerketak agerian uzten du azken urteotan soldatek izan duten galera; izan ere, soldatek ia lau puntu galdu dituzte bere eros-ahalmenean. Galera honen ondorioz, langileek guztira 1.582 milioi euro gutxiago eskuratu dituzte Hego Euskal Herrian, beti ere, ugazaben mesedetan.

2015ean hileko batez besteko soldata gordina 12 ordainalditan 2.056,25 eurokoa zen Nafarroan eta 2.250,20 eurokoa EAEn, EB-28ko batez bestekoaren oso antzeko soldata.

Kopuru hori soilik Europa ekialde eta hegoaldeko estatuen aurretik kokatzen da, baina Italia, Irlanda edota Estatu frantziarrarenaren atzetik.

Bestalde, lanaldi osoan lan eginda murritzean baino hiru aldiz gehiago kobratzen da. Emakumeek gizonek baino laurden bat gutxiago kobratzen dute.

Egoera honen aurrean, ELAk azpimarratu du kontratu mugagabea izan behar dela kontratazio era ohikoena. Ildo beretik, enpleguan ematen den iruzurraren aurka ekin behar dela azpimarratu du.

Era berean, sindikatuak eskatu du 1.200 euroko gutxiengo soldata ezartzea langileriaren soldata eta bizi-baldintza duinak bermatzeko.

 

Ikusi Txostena