Osakidetzak dirua xahutzen du Urdulizen

2017/03/27
Osakidetzak erreformak egin behar izan ditu orain dela 9 hilabete inauguraturiko obra batean; eta gainera, behar zen plantilla kontratatu eta gero, larrialdietako eta etxez etxeko ospitalizazioko irekierak atzeratu ditu.

Osasun sailburua ez da gauza diru publikoa ganoraz kudeatzeko, eta berriro atzeratu ditu sine die zenbait zerbitzuren irekierak: larrialdiak, etxez etxeko ospitalizazioa, izpiak eta laborategia.

Berriki inauguraturiko obra batean bi erreforma-prozesu abiarazi behar izan dituzte, diru publikoa alferrik xahutuz.

Orain dela hilabete bat, irekiera berriak gertatzear zeudela, ELAk premiazko bilera bat egiteko eskatu zuen, informazioa eskuratzearren, eta ospitalean lan egin behar zuten profesionalen lan-eskubideak bermatzearren. Bestalde, komunikabideetara bidalita agiri baten bidez jendaurrean salatu ziren pribatizazioak, ospitale berriko egituran egin beharreko berrinbertsioak, eta pertsonal-beharrizanak zenbatekoak diren ezkutuan gordetzea.

Osakidetzak ez du bete euskal gizartearekin harturiko konpromisoa, eta hainbat astetatik kontrataturiko profesionalen lan-egoera kolokan utzi du. Profesional horiek lanpostu horiek hautatu zituzten, zeuden aurreikuspenak kontuan hartuz, baina gero ez dira bete. Urdulizera joateko, beste kontratu batzuei uko egin dieten pertsona horiekin zer gertatuko da? Eta ospitale horretara lekualdatu dituztenekin? ELAren ustez ezin da jolasean ibili langileekin, Osakidetzak dien begirunea baino askoz handiagoa merezi dute.

ELA ospitaleko profesionalen ondoan egongo da, eta haiekin batera ariko da sektore publikoko pribatizazio-saioak salatzen eta geldiarazten.