Gipuzkoako merkataritzako langileak beren hitzarmenen alde mobilizatuko dira

2017/05/05
Igandean, “Amaren eguna” dela eta, ama eta langile direla aldarrikatuko dute, dituzten lan baldintzak duintzeko eskatzearekin batera.

Gipuzkoako Merkataritzaren lau azpisektoretako negoziazio-mahaiak (ehunkiak, metala, larrukiak, eta oinetakoak eta altzariak) ez dira oraindik eratu, azken deialditik 4 hilabete luze igaro badira ere. Arazoa patronal zaharren eta berrien artekoa da, ez baitaude ados bakoitzari dagokion ordezkaritzarekin negoziatzeko orduan.

Indarraldia agortu duten azken hitzarmenak Metalekoa (2008) eta Ehunki, Larruki eta Oinetakoenak (2009) izan dira. Rajoyren erreformaren ondorioz hitzarmenen aurrera-eragina amaitu zen 2013ko uztailaren 7an. Altzarietako Hitzarmena ez da berritu 2003az geroztik, besteak beste, ordezkaritza sindikalik ez izateagatik. Ordutik hona zenbait enpresa Merkataritza Orokorraren Hitzarmenaz baliatu dira ordezko hitzarmen gisa erabiltzeko. LABek eta CCOOek Merkataritza Orokorraren Hitzarmena sinatu zutenean, ELAk ez zuen sinatu arrazoi horregatik, hain zuzen, erreformaren aginduz berariazko hitzarmenik izan ezean, goragoko esparruko hitzarmena aplikatu beharko zelako. Hori dela-eta, Merkataritza Orokorraren Hitzarmena bigarren mailako hitzarmena izatetik Merkataritzaren azpisektore guztietako aplikazio-hitzarmena izatera aldatu liteke. Tamalez, ez genbiltzan oso oker, eta hala gertatu da zenbait enpresatan. Hitzarmen horren ondorioz soldatak 7000 eta 5000 euro bitartean murriztuko dira, eta lanaldiak 35 eta 9 ordu bitartean luzatu, kasuan kasu.

Harez geroztik ELAk, ordezkaritza izan duen tokietan, lehenengo eta behin, hitzarmenen aplikazioa blindatu du, aurrera-eragina hitzarmen berria sinatu arte luzatuz. Bigarren, negoziazio-prozesuak hasi ditu enpresa-mailan, sektoreko oraingo lan-baldintzak nabarmen hobetzen dituztenak, Punto Roma adibide. Hirugarren, sektore-hitzarmenak berritzeko ahaleginak egin ditu, baina patronal zaharren ezetzarekin egin du topo, arautu gabeko oraingo egoeran eroso sentitzen baitira. Garen eta Dendartean patronal berriek ondo agerian utzi dute merkataritzaren akordioak egiteko aukera ez dagoela krisiaren ondoriozko bideragarritasun ekonomikoaren menpe, borondatearen menpe baizik. Bi patronal berri horiek denda txikiak ordezkatzen dituzte, krisiaren eragina gogorrago pairatu dutenak; baina, hala ere, negoziazio-jarrera erakusten dute, ez dute zerikusirik patronal zaharren kasketekin (erreformak eta soldata-izozketak).

Egoera horren aurrean ELAk deialdia egin du maiatzaren 7an manifestazio bat Donostian egiteko, goiburu honen pean: “Hitzarmen duinak Merkataritzan. Madres sí, trabajadoras también”. Manifestazioa 11:30etan abiatuko da Artzain Onaren plazatik, eta Donostiako prekarietate-gune batzuetatik igaroko da: eskala bikoitzak dituzten dendetatik, Ehunkien Hitzarmena aplikatu beharrean Merkataritza Orokorraren Hitzarmena aplikatzen duten dendetatik, jai-egunetan irekitzen diren dendetatik... Ekitaldiaren bukaeran elkarretaratze bat egingo da Boulevardean, Donostiako Udaleko azken gobernu-taldeak turismo-gunea zabaltzeko hartu duen erabakia salatzeko, barruti horretan ireki ahal izango baita igande eta jai-egunetan.