ELAk arbuiatu egiten du udaltzaingorako aurre erretirorako estatuko gobernuak egin duen lege proiektua

2017/07/21
ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio, estatuko Gobernuaren aurrean, bere esku dagoen guztia egin dezala Dekretu hau aldatzeko eta 2014an Eusko Legebiltzarrak onartutakoa betetzeko.

2014 urtean, ELAk, Eusko Legebiltzarrean eta udaltzaingoa dagoen EAEko udal ezberdinetan mozioak aurkeztu zituen, instituzio hauek Estatuko Gobernuari, behin betikoz Udaltzaingoko langileei jubilatzerako orduan murrizketa koefizienteak aplikatzeko Dekretu bat egin zezala exijitzeko

Mozio guzti hauek onartuak izan ziren bai Eusko Legebiltzarrean eta baita udaletan ere. Eusko Legebiltzarrean onarturiko mozioan, Espainiako gobernuari exijitzen zitzaion EAEko udaltzaingoen aurre erretiroa Ertzaintzak daukan aurre erretiroaren kondizio berdinetan izan zedila.

Uztaila honetan, Estatuko Enplegu eta Gizarte Segurantzako ministerioak udaltzaingoan aurre erretiroa hartu ahal izateko koefiziente murriztaileak ezartzen dituen Erret Dekretu Proiektua aurkeztu du.

ELA, estatu mailan Sindikatu ordezkagarria izan arren, Dekretu honen negoziazioan baztertua izan da.

Gainera, “Erret Dekretu Lege Proiektu” honek, Euskal Poliziaren existentzia bera ez duela kontutan hartzen salatu nahi dugu, beste gauza batzuen artean, ezberdintasunak egiten baititu aurre jubilazioa hartu ahal izateko Ertzainen eta udaltzaingoen baldintzen artean.

Espainiako Gobernuak aurkezturiko testuak berak, talde honentzako beste diskriminazio bat ere jasotzen du aurre erretirorako koefiziente murriztaileak dauzkaten beste talde batzuekin alderatuk (Ertzaintza, suhiltzaileak, meatzariak, etab). Gainera, bitarteko langile funtzionarioak era larrian diskriminatzen ditu karrerakoen alboan, izan ere, bitarteko funtzionarioei ez baitie aurre erretirorako eskubide hau bermatzen.

Erret Dekretu honek gainera, ez ditu lanpostuak bermatzen, izan ere ematen ari den eta aurre jubilazio honen eraginez eman daitekeen lanpostuen amortizazioari ez dio mugarik jartzen.

Erret Dekretu proiektuari oraindik tramite batzuk geratzen zaizkio (alegazio epea, estatu kontseiluak onartzea eta ministro kontseiluak onartzea) eta berau indarrean sartuko da onartu eta ondorengo hilabeteko lehen egunean, ez 2017 hau bukatu aurretik.

ELAk idatzi bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean bai Eusko Jaurlaritzari, bai Legebiltzarreko presidenteari eta bai talde parlamentarioei eskatuz, 2014ko maiatzaren 23an ELAk aurkeztu eta geroago plenoan onartu zen mozioa betetzeko pausuak eman eta presionatu dezala estatuko gobernua, onartuko duen udaltzaingorako aurre erretiro Erret Dekretuan, Legebiltzarrak onartutakoa barneratu dezan.