Eusko Jaurlaritza legez behartuta egongo da 2010ean legez kontra aplikatutako soldata berrezartzera

2017/05/23
ELAk bultzatutako mobilizazioak eta 1.600 langile baino gehiagori eragiten dioten dozena bat sententzia baino gehiagok Eusko Jaurlaritza behartu dute 2010ean legez kontra aplikatutako soldata berrezartzera. Beste behin ere, Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia hanka motz geratzen da ordea, legez kontrakoa izan zen erabakia erabat atzera botatzeko ezinbestekoa bailitzateke ez bakarrik 2015etik soldatak berrezartzea baizik eta 2010etik murriztutako soldatak itzultzea

Eusko Jaurlaritza behartuta egongo da 2010ean legez kontra aplikatutako soldata berrezartzera. 2010. urtean Patxi Lopezen gobernuak %5eko murrizketa egin zien euskal sektore publikoko langile guztiei. EAEko herri-langileek mobilizazioekin eta egun bateko grebarekin erantzun zioten Eusko Jaurlaritzaren murrizketa hari.

Ia 6 urteko gatazkaren ostean, 2015eko uztailaren 31n, Konstituzio Auzitegiak konstituzio-aurkakotzat jo du EAEko enpresa publikoetako langileei egindako %5eko murrizketa (Auzitegi Gorenak, ETBren auzian, aurkezturiko konstituzio aurkakotasun-arazoaren ondorioz).

Konstituzio Auzitegiaren epaia eta guzti, Urkulluren gobernuak sozietate publikoetako langileei soldataren %5 murrizten jarraitu zuen. Hori dela-eta, sozietate publikoetako langileek auzitara jo behar izan zuten berriro, lansarietatik kendutako diru-kopuruak berreskuratzearren.

Hortaz, ELAk prozedura juridikoak abiarazi zituen murrizketaren eraginpeko enpresa publiko guztietan, soldatak lehengoratzeko eskatuz: Neiker, Ejie, Spri, Sprilur, Gestión Capital Riesgo, Parke teknologikoa, EITB taldeko enpresak, nekazal eskolak, Euskadiko orkestra etab.

Euskal Enpresa Publikoetako 1.600 langile baino gehiagori arrazoia ematen dioten dozena bat sententzia baino gehiagoren ondoren, Eusko Jaurlaritzak soldata berrezarri beste aukerarik ez du izan.

Dena den, Auzitegi Konstituzionalaren epaiaz geroztik ( 2015eko uztailak 31) soldatak berrezartzeaz gain, enpresa publiko autonomikoetako langileei 2010-2015 urte bitartean murriztutako soldata itzultzea exijitzen dio ELAk Jaurlaritzari. Salatu behar dugu, ELAtik berariazko prozedura bat abiarazi genuela 2010 eta 2015 urte bitartean 370 euskal langileri baino gehiagori soldatetatik eta legez kontra kendutako diru-kopuruak erreklamatzeko kalte-ordain gisa eta Jaurlaritzak erreklamazio hauek ez dituela onartu, beste behin langile hauek epitegietar jotzera behartuz.

Azkenik, ELAk bai Eusko Jaurlaritza bai gainerako Euskal Administrazio Publikoei eskatzen die 2010etik Euskal langile publiko guztiei aplikatutako soldata murrizketa zein gainerako murrizketa guztiak atzera bota ditzatela.