Plaza bakoitzeko prezioa mantentzeko erabakiak are eta zailagoa egiten du Bizkaiko Erresidentzietako gatazkaren konponbidea

2017/08/01
Bizkaiko Foru Aldundiak 2018. urterarte hitzarmen baldintza berrietan plaza bakoitzeko prezioa 81 eurotan mantentzea erabaki du. Honek greban dauden emakumeentzako atzerapauso berri bat suposatzen du Bizkaiko erresidentzietako gatazka laboral eta soziala konpontzek orduan. Erabaki hau –2015etik prezioa mantentzea suposatzen du– oso larria eta arduragabea da, gatazkaren konponbidea era oso argian oztopatzen duelako eta emakumeek bizi duten diskriminazioan sakontzen duelako.

2018. urterarte plaza bakoitzeko prezioa 81 eurotan mantentzeak suposatzen du –azken bi urteetan egon diren KPIekin eta 2017rako espero danarekin– plaza bakoitzeko prezioa %4 edo 5 baxuagoa izatea gutxi gora behera, hau da, enpresentzako finantziazio txikiagoa.

Erabaki honen aurrean, ezin ditugu ulertu Unai Rementeria Ahaldun nagusiak egindako deklarazioak. Erabat zinikoa da "soldatak igotzeko ordua dela" publikoki aldarrikatu eta "Bizkaia, adinez nagusi egiteko lurralde egokia" egin nahi duela esatea eta aldi berean Bizkaiko zahar egoitzetako 3.000 oheen plazen prezioa mantentzeko erabakia hartzea.

Erabaki honek 2015ean enpresei finantziaturikoa baino baxuago utziko du plazen prezioa eta akordio bat izan ahal izateko aukera are gehiago zailduko du. Gainera, lan baldintza prekarioei eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu kaxkarrari (bai patronalak bai Foru Aldundiak txosten ezberdinekin onartuta) buelta ematea ere zaildu egiten du.

Erabaki honek, indarrean dagoen lan gatazka eta gatazka soziala gehiago bortizten du. Ia 250 greba egun daramatzate Bizkaiko zahar egoitzatako langileek. Langile hauek, azpimarratu nahi dute, erabaki honek ez duela beraien borroka bertan behera utziko. Langileok, kalean, borrokan jarraituko dugu gatazka konpondu arte, gure aldarrikapenak onartu arte... Sektorea bera duindu arte. Emakumeak gara, guretzako pentsaturiko sektore feminizatu eta prekario batean lan egiten dugu, baina ez gara inoren menpeko eta ez gara isilduko, nahiz eta beraien helburuak hauek izan.

Bien bitartean, erresidentzia berriak grebara batzen ari dira, Busturiako Arrotegi egoitza kasu. Erresidentzia honetako langileak, Bizkaiko beraien lankideekin batera, grebara batzea erabaki dute.