Bizkaiko metalgintzako patronalak ez du sektorean sortzen ari den aberastasuna banatu nahi
Hamaseigarren aldiz bildu da Bizkaiko metalgintzako negoziazio-mahaia. Otsailaren 14an ospatutako batzarrean patronalak berriz utzi du agerian ez duela borondaterik negoziazioak aurrera egin dezan.
Akordioa Bizkaiko H&M katean
Joan den urtarrilaren 9an H&M taldeak jakinarazi zuen Max Centerreko denda ixteko asmoa zuela, alokairu kontratuak amaitu ahala Estatuko beste sei dendarekin egingo duen moduan. EREa estatu mailan egin den arren, ELAk lortu du 19 langile Bizkaiko beste dendetan birkokatzea; alde egin nahi izan duten beste 17entzat, berriz, aurreko itxieran lortutako kalteordain bera (lan egindako urteko 45 egun).
Bizkaiko Simply dendetan greba bertan behera geratu da, aurreakordioa iritsi ondoren
Bertan behera geratu dela Bizkaiko dendetan -Mungian izan ezik- deituta zegoen laugarren greba eguna, enpresa-batzordeak zuzendaritzarekin aurreakordioa lortu eta gero. Aurre akordioan jasota geratu denez, bajak sektoreko batez bestekoa bermatu arte osatuko dira, eta aldi baterako langileak kontratatuko dituzte 2018an eta 2019an emandako eszedentziak -senideak edota seme-alabak zaintzeko- osatzeko, besteak beste.
Bizkaiko H&M dendatan lanuzteak izango dira larunbatero
H&M enpresak Max Centerreko bere denda itxiko duela iragarri ostean, Bizkaiko lau dendatako (Max Center, Zubiarte, Ballonti eta Artea) langileek larunbatero mugarik gabeko greba egitea erabaki dute. Urtarrilaren 26tik aurrera izango da.
Bizkaiko Etxez-Etxeko langileek prekarietateari aurre egiteko konpromisoak eskatu dizkiote Emakunderi
ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuetako ordezkariak Emakunderengana jo dute, alde batetik, Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko analisi bat egin dezan eskatzeko; eta bestetik, lan sektore feminizatu eta prekarizatu honetan urteetan zehar irauten duen arazoari aurre egiteko konpromisoak eskatzeko. Bilera ospatzen ari zen bitartean, langileek Emakunderen egoitzaren atarian elkarretaratzea egin dute.
Bizkaiko metalgintzako patronalak ukatu egiten ditu sektoreko lan-baldintzak behar bezala hobetzeko aukerak
Bizkaiko metalgintzako patronalak berriro proposamen oso kaskarrak mahairatu zituen urtarrilaren 15ean izandako bileran, zeintzuk ez dituzten jasotzen plataforma sindikaletako aldarrikapenak eta ez daukaten aplikatzeko benetako bermerik.
Arcelor Mittal-eko lantegietako etorkizuna bermatzeko premiazkoa da inbertsioak nabarmen handitu eta plantilla zaharberritzea
ELAren aburuz ezinbestekoa da pertsonala kontratatzea eta plantilla zaharberritzea. Errelebo-kontratua erabilgarria da horretarako, eta erreleboa utzi duena zein hartu duena plantilla berekoak izan behar dira. Arcelor Mittal-eko langileen adin-piramideak, batez ere lantegi batzuetan, argiro erakusten digu zein den zuzendaritzaren apustua: oraingo langileak arian-arian erretiratu arte itxarotea.
Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek Emakunderen inplikazioa eskatu dute gatazka konpontzeko
Bizkaiko Etxez Etxeko langileek Emakunderi zuzendutako gutuna erregistratu dute Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen delegaritzan, emakumeak nagusi diren eta greban jarraitzen duen sektore prekarizatu honetan esku hartu dezan. Gutunean sektorearen egoera azaltzeaz batera, inplikazioa eskatu diote, bilera bat egiteko eskaria luzatzearekin batera. Mahai gainean jarri nahi izan dute sektore feminizatu bat dela hau, zaintza lanetaz arduratzen dena eta prekarizatua. Erakundeei esan nahi izan diete kolektibo honen lan baldintzen hobekuntza ezinbestekoa dela berdintasun erreal eta efektiboa lortzeko.