Lortu arte ez dugu etsiko

2017/03/23
Bizkaiko zahar-etxeetako grebalariek Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren jarrera salatu dute gaur eguerdian Bilbon. Izan ere, martxoaren 19an “El Correo” egunkariak plazaratutako iritzi artikuluan ELAk erabiltzen dituela grebalariak, eta sindikatua beldurraz baliatzen dela afiliatu gehiago egiteko zioen.

Bizkaiko zahar-etxeetako langileek Rementeriari erantzun diote gaur Bilbon. Bizkaiko Ahaldun Nagusiak El Correo egunkarian egin zituen adierazpenen harira, emakumeak aintzat hartzen ez dituela salatu dute gaurkoan. “Argi eta garbi aldarrikatu nahi dugu guk kostata eman dugula lehen pausoa prekario nahi gaituen sistema honen menpekotasunetik alde egiteko, gure isiltasunetik ateratzeko, eta geure burua antolatzeko, alegia, kalera irteteko. Baina jakin dezan, menpekotasuna bukatu dela” azpimarratu dute.

Euren esanetan, grebaz haratago, prozesu hau astuna eta luzea izaten ari da, orain dela urte asko hasi baitzen. “Hasieran gutxi batzuk ginen, gero beste batzuk gehituz joan ziren, eta, orain, ehunka biltzen gara kaleko protestetan. Prozesu horretan zehar sindikatuaren laguntza eta sostengua izan dugu, eta gaur esan dezakegu, hemen jarraitzen badugu, erresistentzia-kutxari esker jarraitzen dela, horrek ematen baitigu aurrera egiteko aukera. Eta bai, Rementeria jauna, gatazka hau konpondu ez bada, emakumeak garelako da”, adierazi dute.

Bestalde, Aldundiak gatazka horrekin zerikusirik duela esatea zentzugabekeria dela diotenen aurrean honakoa azaldu dute: sektoreko enpresa nagusietako kudeatzaileen artean Diputazioko karguak edota alderdi politiko jakin bateko kide garrantzitsuak daudela.

“Batzuek diote gatazkaren ardura Bizkaiko Foru Aldundiari leporatzea zentzugabekeria dela, baina esan behar da Aldundiak jarraitzen duela enpresa horiei 5 milioi euro ordaintzen ematen ez duten zerbitzuagatik. Hau horrela izanda, enpresek nahiago dute greban jarraitzea, aldundiak denon zergen kontura finantzatzen dituelako. Greba finantzatzea primeran datorkie mozkinak handitzeko”, adierazi dute.