Bizkaiko zehar-etxeetako gatazka 16 hilabetez eta 210 greba-egunez luzatu da

2017/07/05
Bizkaiko zahar-etxeetako langileek manifestazio berri bat egin dute Bilbon. Oraingo honetan ELAko ehinka ordezkariren babesa jaso dute. "Bizkaiko zahar-egoitzetako emakumeok, lehenago Gipuzkoakoek eta Ariznabarrakoek egin zuten bezala, espazio pribatua utzi dugu, ikusezinak izateari utzi diogu, eta espazio publikoan sartu gara. Kalera atera gara eta zainketak lana ere badirela, zerbitzu publikoa badirela, eta lan-baldintza eta bizi-baldintza duinetan eman behar direla ozenki aldarrikatu dugu", adierazi dute Aldundiaren aurrean.

Ekitaldiaren amaieran irakurritako agiria:

Lehenengo eta behin, gatazkan gauden langile guztion izenean, eskerrak eman nahi dizkizuet bihotz-bihotzez, zuen sostenguagatik. Gure gatazka 16 hilabetez, 210 greba-egunez, luzatu da; eta denbora luze horretan beti sentitu dugu zuen hurbiltasuna.

Bihotz-bihotzez eskerrik asko denoi!!!

Gure gatazka beste edozein gatazka bezala hasi zen, baina gaur lasai asko esan dezakegu lan-gatazka arrunt baten mugak gainditu dituela, eta begi bistan dago gizarte- eta genero-arloko gatazka dela. Manifestazioan eramandako argazki horiek gogora ekarri dizkigute gure borrokaren une hunkigarriak, pertsonak, elkarteak eta erakunde laguntzaileak. Gure borrokan zehar adorea, sostengua eta indarra eman dizkiguten guztiak izan ditugu gogoan. Denen bultzada behar dugu borrokan jarraitzeko, eta zahar-etxeetan gauden guztiontzat, langileontzat eta egoiliarrentzat, bizi-baldintza hobeak lortzeko.

Gure lana zainketak dira, emakumeek beti egin ohi duten lan ikusezina, gizartearen eta diruaren aldetik ordainik jaso ez duena; eta egoera hori da gure gatazkak aldatu nahi duena.

Bizkaiko zahar-egoitzetako emakumeok, lehenago Gipuzkoakoek eta Ariznabarrakoek egin zuten bezala, espazio pribatua utzi dugu, ikusezinak izateari utzi diogu, eta espazio publikoan sartu gara. Kalera atera gara eta zainketak lana ere badirela, zerbitzu publikoa badirela, eta lan-baldintza eta bizi-baldintza duinetan eman behar direla ozenki aldarrikatu dugu.

Hala ere, patronalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa zera da: sistemak ezarri digun rolean jarraitzea, ikusezinak eta ahulak izatea. Horrela aldundiaren enpresa lagunkideek ugalduko dituzte beren mozkin handiak negozio ziur batean.

Aldi batez foru-aldundiak eta patronalek gaizkile moduan tratatu gaituzte, bigarren mailako herritarren moduan, menpekoak edo manipulatzeko errazak bagina bezala, ekimenik edo erabakitze-gaitasunik gabeak, guri begirunea galduz eta gu beldurtu nahian; baina orain beren helburua lortu beharrean kontrakoa lortu dutela ikusitakoan, estrategia aldatu dute.

Azken hilabeteotan, Bizkaiko Foru Aldundiaren akuiluaz eta Eusko Jaurlaritzaren eta patronalen ezin eskertuzko laguntzaz, %90eko gutxieneko zerbitzuak ezarri eta makineria juridiko oso bat abiarazi dute, gu isilarazteko, indargabetzeko, itotzeko, eta azkenean guk amore eman dezagun.

Ekintza horien aurrean ozenki esan nahi diegu Bizkaiko Foru Aldundiari, sektoreko hiru patronalei (GESCA, LARES eta ELBE) eta Eusko Jaurlaritzari ez gaituztela makurtuko, ez garela geldituko, estrategia berri horrek ere huts egingo duela.

Borrokatzea erabaki dugu eta ez dugu etsiko!!! Egoiliarren sufrimendua eta arreta eskasa artez ikusten ditugunok geu gara, aldundi axolagabe horren ardurapeko zerbitzu honetan bizia eta osasuna galtzen ditugunok geu gara, eta aldiz Isabel Sanchez Robles diputatua, agintekeria osoz, ez da makurtu ezta guri entzutera ere.

Ez gara geldituko gure eskakizunak behingoz lortu arte: 35 orduko lanaldia, 1.200 euroko soldatak eta pertsonal gehiago. Hori guztia sektore-hitzarmen batean edo enpresa-hitzarmenetan jaso behar da, Bilboko Miravilla egoitzako gure lankideek dagoeneko lortu duten modu berean.

Orain dela zenbait urte ELAk erabili zuen goiburu batek zioen bezala: INDARRA eta KONPROMISOA borrokan jarraitzeko, harik eta bidezkoa dena lortu arte.