ELAren erantzuna CEBEk patronalari: Bizkaian badira 35 orduko lanaldia duten zahar-egoitzak

2017/05/11
CEBEK patronalaren Idazkari Nagusi Francisco Javier Aspiazuk baieztatu du erresidentzien sektoreko langileen lan-ordutegia 35 ordukoa izango balitz, enpresa eta senideek ezingo lioketela egoera ekonomikoari aurre egin. Baieztapen horren aurrean, ELAk argi utzi nahi du Bizkaian dagoeneko badagoela dozena bat erresidentzia 35 orduko lanaldia dutenak eta erabiltzaileek ez dutela gehiago ordaintzen horregatik.

Bestelako arrazoiak daude horren atzean: Aldundia pribatizazioa eta azpikontratazioa bultzatuko dituen ereduaren aldekoa da. Izan ere, eredu horri esker Bizkaiko Foru Aldundiko agintarien hurbileko enpresaburuak aberastuko dira, betiere, eskaintzen den zerbitzua eta langileen lan-baldintzak okertzen diren bitartean. Gogoratu, zenbait erresidentziatan, onurak %15 baino altuagoak direla.

ELAren ustez, sektorean 35 orduko lanaldia jartzea ez da aldarrikapen hutsa, kontrakoa baizik, alegia, erabiltzaileei eskaintzen zaien arreta egokia bermatzeko beharrizana da. Gogorarazi ere, Gipuzkoan, eta Arabako zahar-etxe garrantzitsuenetan ere, 35 lanaldia dutela dagoeneko.

Hori dela eta, argi utzi nahi dugu ez dugula amore emango 35 orduko lanaldia lortu arte, hori baita sektore honi duintasuna emateko oinarrizko pausoa.