“Altan Bernedon honez gero ez dugu beldurrik”

2021/11/22
Altan Bernedo enpresa arabarreko langileak greban dira oraindik, enpresarako lan-hitzarmen baten alde. Isabel Barrera dugu ELAko sei ordezkarietako bat. Zazpi greba egun deitu dira, enpresaren historian lehenengoz. Helburua, lantaldearen baldintzak hobetuko dituen akordioa iristea.

-Zer dela eta erabaki zenuten antolatzea?

Gatazka aspaldidanik dator. Behin eta berriz gure eskubideak murrizten zituen zuzendaritzak. Oraingoan, Madrilgo nagusi berriak bilera bat egin zuen, eta bertan jende guztia haserrearazi zuen; ondorioz, denok erabaki genuen greba deitzea.

-Nolakoa izan zen prozesua?

Guk ez daukagu lan-hitzarmenik; geneukana zen duela bi urte iraungita dagoen enpresa-itun bat. Gainera, ultraaktibitatea 2022ko ekainaren 30ean bukatuko da. Enpresak ituna berritu nahi du; guk, aldiz, lan-hitzarmena. Baina gainera, zuzendaritzak itun okerrago bat sinatzea nahi du. Prozesu honetan eta lehenago, pandemia aldian, atsedenik hartu gabe egin dugu lan, eta jendea leher eginda dago. Horregatik, Madrilgo nagusia etorri zenean egoerak okerrera egin zuen, eta eragin zuen lantaldeak grebara joateko erabakia hartzea.

-Lehengoan zuen deiadarra zen “ez dugu beldurrik”. Zer esan nahi duzue?

Hemen, lanuzteren bat edo antzeko zerbait aipatzen denean saiatzen dira beldurra sartzen. Adibidez, lanaldi murriztua dutenei. Orain legeak dio lanaldi murrizketa nahi dutenean har dezaketela, baina lehenago murrizketa bera izan behar zen txanda guztietan, eta hemen aukera ematen ziguten. Haatik, esaten genuenean greba edo lanuzteren bat egingo genuela, hori edo beste zerbait kentzeko mehatxua botatzen ziguten. Beti ere zerbaitekin mehatxu egin nahi digute; horregatik, orain guk deiadarka esaten dugu ez dugula beldurrik.

-Inoiz ez duzue egun osoko lanuzterik egin. Une historikoa da hau?

Bai, historikoa da. Sekula ez zen lanuzte osorik egin. Nik 17 urte daramat enpresan, eta nire ustez urte horietan guztietan lau egunez egin dugu greba. Orain hiru egunez jarraian lana uztea, eta gero beste lau, historikoa da.

-Garrantzia al du lantaldearen gehiengoa emakumeak izatea? Zer eragin du horrek gatazkan?

Emakumeok beti izan ohi dugu arazo gehiago antolatzeko: lanaldi murriztua, zaintza… Horregatik, emakumeok kalera ateratzea albiste ona da, aurrerapausoa, guretzat zailagoa baita. Gizonak ere badira gure artean, baina lantaldearen %70 emakumeak gara.

-Kasualitatea ote da sektore feminizatuetan soldatak kaskarragoak izatea?

Emakume gehien dagoen sektoreetan baldintzak okerragoak izaten dira. Ez dut uste kasualitatea denik.

-Feminismoa eta sindikalismoak bat egin behar dute?

Ez dut uste biak beti eskutik joan behar dutenik. Batzuetan feminismoaren helburuak ez datoz sindikalismoak dituenarekin bat… Baina tira, gatazka batzuetan bat egin beharko lukete.

-Nola liteke hainbeste dirulaguntza publiko jaso eta pandemian irabaziak izan dituen duen enpresa batek lantaldea hain egoera prekarioan izatea?

Gure lantegia hiru enpresak osatzen duten talde batekoa da. Horietako bat Toledoko Casarrubiosen dago, eta sei hilabetez itxita egon zen. Enpresak dio horregatik galerak izan zituela. Guk lan egin arren, eurek beti esaten dute galerak ditugula.

Noski, egoera hau ez da gure kontua. Guk lan egin dugu eta galerak azken kontuetan txikiagoak izan dira. Benetan badirudi hobera egin duela egoerak, baina gure eskari guztiak ukatzen dizkigute.

-Albistegietan gutxitan agertzen da Mendialdea. Zure ustez, beharrezkoa da mapan kokatzea, areago emakumeek egiten badute?

Arabako mendialdea lurraldeko albisteetan ez da sarri agertzen. Gurea da inguruko enpresarik handiena, Gamizekin batera. Hemen jende askok egiten du lan; horregatik kokatu behar dugu fokuan. Hau itxiko balitz eskualdeko jende askok ogibidea galduko luke, baina bagara Gasteiztik eta Logroñotik gatozenak ere, Bernedoko mendatea hemen ondoan baitago.

-Azkenik, prozesu honetan zerbait nabarmendu nahiko zenuke?

Lehenengoz egin dugu greba produkzioko langile finko guztiok. Hau oso garrantzitsua da, beti adierazi izan baitira “ez dut uste”, “ez naiz aldekoa”, eta antzeko iritziak, baina oraingoan ez da zalantzarik izan. Mugarri bat izan da.