POLIZIA EREDUA

“Botere politikoak ez gaitu errespetatzen”

2025/04/03
Duela hamarkada bat, Eusko Jaurlaritzak eta tokiko erakundeek Arkautik kudeatutako LEPak eta lan-poltsa bateratuak hautatzeko ereduaren aldeko apustua egin zuten. Udaltzaingoko ELAko arduradunek salatu dute eredu horrek porrot egin duela, eta nabarmendu dute sindikatuak konpromiso sendoa duela laguntzakoa, gertukoa eta tokiko errealitatean oso errotua izan behar duen zerbitzuarekin.

Zer balantze egiten duzue hamarkada honetaz?

Txarra. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta EUDELek babestutako hautaketa ereduak gure lan baldintzen prekarizazioa ekarri du. Eta, lan-arazoaz gain, urteak daramatzagu polizia-lanarekin zerikusia duten hainbat gairen kudeaketa txarraren ondorioak jasaten.

Adibidez?

Argi dago botere politikoak arma politiko gisa erabiltzen gaituela, gure lana errespetatu barik. Betidanik, botere politikoak bere interesen defentsan erabili du polizia. Hala ere, argi daukagu polizia herritarrei zor zaiela eta politikoki neutrala izan behar duela. Eta hori ez da beti errespetatzen.

Aldarrikatzen dugun polizia ereduak klase kontzientzia izan behar du, euskalduna izan, giza eskubideak errespetatu eta herrian sustraituta egon behar du. Hala ere, askotan, beste ikuspegi batetik jorratu beharko liratekeen edo beste sail publiko batzuek landu beharko lituzketen zereginak agintzen dizkigute. Hau da, beste izaera bat, adibidez, ikuspegi soziala, izan beharko luketen gaiak arazo polizial gisa bideratzen dira. Horrela, beste sail batzuetan dauden gabeziei, askotan nahita okerra den ikuspegi horrek sortzen dituen arazoak gehitzen dizkiegu.

Nola irauli daiteke egoera?

Egungo eredua aldatuz. Arkautik udaltzainei ezarritako ereduak euskal polizia uniformatzea du helburu. Prestakuntzaren gaia funtsezkoa da. Argi dago Ertzaintzarekin elkarlana behar dugula, baina ez mendekotasuna. Gaur egun, udaltzainek Arkautin jasotzen duten prestakuntza eta Ertzaintzarena ia berdinak dira. Onuragarria litzateke prestakuntza horiek desberdinak izatea, gorputz bakoitzaren rol eta beharretara egokituak.

Beste kontu garrantzitsu bat da konturatzea jatorri soziala duten problematikei ikuspegi polizial hutsa ematea arazo larriak sortzen dituen akatsa dela. Azken urteotan ikusi dugu erakunde publikoek ikuspegi poliziala eman dietela beste ikuspegi batetik jorratu behar ziren gaiei. Gizarte arloko zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen inguruan sortutako egoerez ari gara. Egoera horiek bideratzeko baliabide publikoak erabili beharrean, herritarren segurtasunik ezaren arazo gisa planteatu da. Hau da, ondorioari heldu nahi diote, baina ez jatorriari, eta horrek egoera traumatikoak eragin dizkie inplikatutako guztiei.

Adibide bat jartzearren. Batzuetan etxerik gabeko gazteak kalean lotan daudenean joateko eskatu zaigu. Erantzun sozial bat eman beharrean, gizarte zerbitzuen bidez, adibidez, batzuetan pertsona horiek zeuden lekutik kanporatzeko udaltzaingoa bidaltzea erabaki da. Horrelako egoerak konpontzeko lehen urratsa ez da polizia izan behar. Lehenik eta behin, irtenbide sozial bat bilatu behar da, ez poliziala.

Datuek diote gero eta jende gehiago dagoela pobrezia-egoeran eta gizarte-bazterketako arriskuan...

Hala da. Ezkutatu ezin dugun errealitatea dago. Gero eta jende gehiago dago gizarte bazterketa arriskuan, kasu askotan etxerik gabe edo kalean lo egiten. Baliabiderik ez duen eta edozein zubi azpiko kanpadendetan bizi den jendeaz ari gara. Eta zer egiten dute politikariek? Polizia bidali. Ondo. Eta zer nahi duzue egitea? Beste norabait bidali? Norbaitek uste uste al du esku-hartze bat eginez eta kalean lo egiten dutenak leku jakin batetik kanporatuz arazoa amaitu egingo dela? Ez. Pertsona horiek beste leku batera joango dira eta arazoak, gizarte bazterketa egoerak, berdin jarraituko du.

Ezin dugu ahaztu, halaber, kalean bizi den jende askok drogekin, alkoholarekin edo osasun mentaleko beste edozein konturekin erlazionatutako arazoak dituela. Polizia ez dago arazo horiei aurre egiteko prestatuta. Poliziak ezin ditu bete osasun mentaleko arazoak dituen pertsona baten arreta beharrak.

 

BESTE POLIZIA-EREDU BATERAKO PROPOSAMENAK

ELAk funtsezko zeregina izan nahi du poliziek giza eskubideekin duten konpromisoa sustatzeko, hainbat arrazoirengatik:

  1. Poliziaren lana ez da soilik segurtasuna bermatzea, askotan haren lehentasunezko eginkizuna ahaztu egiten da (nahita), hau da, pertsona guztiei euren oinarrizko eskubideak bermatzea.
  2. Errespetuaren eta duintasunaren kultura sustatzea: kritika, proposamena eta proaktibitatea oinarri hartuta, giza eskubideak baloratu eta errespetatuko dituen polizia-kultura indartzen lagun dezakegu.
  3. Bi agenteren ratioa 1.000 pertsonako. Langile kopuru egokirik gabe, gainerakoa ezinezkoa da.
  4. Legitimitatea indartzea: Giza eskubideekiko konpromisoak poliziaren legitimitatea indartzen du gizartearen aurrean.
  5. Prestakuntza: Giza eskubideei eta jardunbide polizial etikoei buruzko baliabideak eta etengabeko prestakuntza eman behar dira.
  6. Justizia sozialaren sustapena: ELAk, bere izaerarengatik, lantokietan eta gizartean justizia eta ekitatea sustatzea du helburu. Polizien artean giza eskubideekiko konpromisoa sustatzea bat dator helburu zabalago horiekin, eta gizarte bidezkoagoa eta ekitatiboagoa eraikitzen laguntzen du.
  7. Euskal Polizia izateko modu bakarra euskalduna izatea da da: gaur egun ezinbestekoa da hori gertatzeko urrats sendoak eta zalantzarik gabeak emateko konpromisoa.