“Covid-19ak indarkeria matxista azaleratu eta areagotu du” #Landeia239

2020/12/14
Prekarizatutako eta feminizatutako sektoreetako emakumeek pairatzen duten indarkeria instituzionala salatu zuen ELAk Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko egunean

Covid-19ak sortutako krisiak lehendik ere prekarizatutako eta feminizatutako sektoreetan emakume askok erakunde publikoen aldetik pairatzen zuten indarkeria utzi du agerian. Hala salatu zuen ELAk Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko egunean. Egun horren baitan sindikatuak antolatutako solasaldian, ELAko berdintasun alorreko Jone Bengoetxea eta Nahia Fernández izan ziren, Argitan, Emakumearen Aholku Zentroko kide Mireia Saizekin batera.

Jone Bengoetxeak azaldu bezala, lan munduan ere bada indarkeria matxista, zehazki biolentzia instituzionala, pandemiak azaleratu duen bezala, nahiz eta indarkeria sotilagoa eta atzematen zailagoa izan.

Gogorarazi zuenez, lanaren banaketa sexuala indartu egin da Covid-19 garaian eta sektore prekarizatu eta feminizatutako emakumeak izan dira kaltetuenak. Izan ere, pandemiaren lehen olatuan langile asko (osasungintzakoak, zahar-etxeetakoak, etxez-etxekoak, etxeko eta zaintza-langileak, garbitzaileak...) oinarrizko zerbitzuetako langile izendatu zituzten, dekretuz. Langileak lantokietara joan ziren orduan, euren bizitzak ere arriskuan jarriz.

Orain, ordea, ezinbestekotzat jo ziren emakumeak berriz ere ikusezin izatera bueltatu direla salatu zuen Bengoetxeak. “Hartatik ez da ezer geratu, ezta txaloak ere, murrizketak eta kaleratzeak besterik ez”, kexu da.

Bat dator Mireia Saiz, Argitaneko kidea. “Pandemia garaian indarkeria, prekaritatea eta pobrezia handitu dira, eta horrek lehendik ere baliabide falta zeukaten emakumeak kolpatu ditu batez ere”. Horrek oso ondorio latzak ekarri dituela gogorarazi zuen: pobrezia, bazterketa soziala, prekaritatea eta indarkeria matxistatik alde egiteko ezintasuna.

Datuak ditu lagun. Konfinamenduaren lehen hiru asteetan, Argitanek jaso zituen deiak %140 igo ziren aurreko urteko epe berarekin alderatuta, hau da, bikoitza baino gehiago. Ia dei guztiak berrogeialdiagatik indarkeria matxista eta arazo ekonomikoak pairatzen ari ziren emakumeenak izan ziren.

Konfinamenduaren lehen zazpi asteetan indarkeria matxista sufritzen ari ziren emakumeen deiak 2019ko lehen bost asteetako beste izan ziren. Beste modu batera esanda, hilabete eta erdian, 30 kasu atzeman ziren.

Erakundeen utzikeria, agerian

Larritasunaren aurrean, erakunde publikoek beste alde batera begiratu izana salatu zuten. Saizek gogorarazi zuenez, alarma egoeraren dekretuak indarkeria matxistaren biktimei atenditzeko zerbitzua oinarrizko zerbitzua zela ezarri bazuen ere, praktikan baliabide gehiago eskaini ordez, murrizketak egin zituzten zerbitzuan.

Badu adibiderik. Argitanek jasotzen dituen deiak eta abisuak erakunde publikoetako zerbitzuetara bideratu beharrean, (zerbitzu juridiko publikoetara, arreta psikologikora, harrera etxeetara, 24 orduko epaitegietara...), erakunde publikoek eurek deribatu izan dituzte biktimen deiak Argitanera, hau da, instituzio publikoek proiektu militante baten gainean utzi dute pandemia betean indarkeria matxistaren biktimak atenditzeko erantzukizuna, baliabide publikoak eskaini beharrean. Hala, 016ko deiak edo Osakidetzak jasotako deiak Argitanera bideratu izan dituzte.

Bat dator Bengoetxea, lan munduan ere erakunde publikoen utzikeria eta indarkeria pairatzen dutela argudiatuta. Bere ustez, gutxienezko justizia sozial eta feminista exijitzeko unea heldu da, langileek erreparazio emozionala merezi dutela argudiatuta.

Egoera ez da batere erraza. Argitanek luzatutako datuen arabera, Espainiar estatuan batez beste, 11 urte eta 7 hilabete behar izaten dituzte indarkeria matxistaren biktimek laguntza eskatzeko (Iturria: Estudio sobre el tiempo que tardan las mujeres víctimas de violencia de genero en verbalizar su situación). “Errealitatea zifra horiek baino gordinagoa da, emakume asko ez direlako estatistiketan sartzen”, gaineratu zuen.

Horren aurrean, zer egin dezake ELAk? Bada galdera horri erantzuten saiatu zen Nahia Fernández ELAko genero ataleko kidea. Azaldu zuenez, negoziazio kolektibo feministari ekiteko unea da, hau da, emakumeen behar praktiko eta interes estrategikok negoziazio kolektiboaren muinera ekartzeko garaia. “Emakumeon lan-baldintzak eta bizi-baldintzak hobetzea indarkeria matxistaren aurkako defentsa-mekanismo argia da”.

Eta ELA, hitzez haratago, horretan ari dela dio irmo. “Ari gara, berdintasun plan hutsalak sinatzen ez ditugunean, ari gara, sexu jazarpenaren gaia mahai gainean jartzen dugunean, edota sektore feminizatuetan lan baldintzak duintzeko prozesu eta gatazkak abiatzen ditugunean”. Horren adibide da azaroaren 17an sindikatuak deitutako zaintza esparruko greba.

Bide horretan, sindikalismoa emakumeentzako boteretze tresna izan daitekeela sinetsita dago, behar indibidualak eta interes kolektiboak artikulatuz, jendartearen zein bizitza pertsonalaren eraldaketa eragiten dutelako.