POLIZIA EREDUA

“Egungo polizia ereduak porrot egin du”

2025/04/03
Duela hamarkada bat Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek Udaltzaingoan Arkautik kudeatutako hautaketa eredu bateratu baten alde egin zuten. Azken urteotan, beraz, EAEko udaltzaingoko Enplegu Publikoko Eskaintzak (EPE) eta lan-poltsak Arkautin erabaki dira. Hamar urteren ostean argi geratu da egungo ereduak ez duela funtzionatzen eta kaltea dakarkiela bai udaltzaingoei eta baita herritarrei ere.

Aitor Asla Uria, Iratxe Sotres Zenarruzabeitia, David Kote Martínez de Lahidalga, Irune Arrieta Azpitarte, Iñaki Navarro Seta, Mikel Alaña Markuleta, Roberto Silva González eta Samir Alloulin Franciscok ondo baino hobeto ezagutzen dute egoera hau. Lagun hauek udaltzainak dira, eta eguneroko jardunean sufritzen dituzte porrot egin duen kudeaketa eredu honen ondorioak. Udaltzaingoaren egoeraren inguruan hausnartzeko bildu dira. Izan ere, azken hamarkadan euren egoerak okerrera egin du.

Berriki alde batetik Azpeitia, Zumaia eta Getariako udalek eta bestetik Oñatiko udalak Udaltzaingorako EPE propioen apustua egin dute. Aurretik Ondarroak, Lekeitiok edo Markinak erabaki bera hartu zuten. Norabide onetik doan proposamena dela uste dute. Izan ere, duela hamar urte Enplegu Publikoko Eskaintza bateratuak martxan jarri zirenetik udalek autonomia osoa galdu dutela salatzen dute.

“Erritmo guztiak Arkautik markatzen ditu. Udaletxe batek Udaltzain lanpostu bat behar dela erabakitzen duenetik prozesua burutu arte urteak pasa daitezke. EPEa deitu behar da, proba guztiak egin, bederatzi hilabeteko ikastaroa… Hor, gutxienez, bi urte joaten dira, eta arintasuna galtzen da. Bitarte horretan lanpostua behin-behineko langile batekin bete nahi baduzu, arazo ezberdinak daude. Normalean behin-behineko langileek ez dute beharrezkoa duten formazioa, ez eta herriaren ezagutzarik. Herriko kaleak edo udalak nola funtzionatzen duen ezagutzen hasten zarenerako, alde egin beharra daukazu. Errotazioa oso handia da, eta askotan lan-poltsak ere agortuta egoten dira. Zentzu honetan, Arkautiko kudeaketa oso eskasa da”.

Guzti honek euren lan baldintzetan ondorio zuzenak ditu. Hala salatzen dute lagun hauek. “Herri askotan ez dago Udaltzain nahikorik. Horren ondorioz gure lana ahal dugun bezala egiten dugu, ez nahiko genukeen bezala. Behin-behinekotasuna oso handia da, ia %40koa. Aldiro-aldiro herriz aldatzen bazaituzte, ezinezkoa da herritarrengandik hurbil egotea eta gertuko polizia bat izatea. Eta, noski, administrazio publikoan lan egiten duten gainontzeko kideen arazo berdinak ditugu: erosahalmenaren galera, lan karga handiak, lana eta bizitza pertsonala kontziliatzeko arazoak...”

Era berean, ratioen inguruko eztabaidan eta azaltzen diren gabeziak konpontzeko neurri gisa, 1.000 bizilagunetik bi agente egoteko proportzioa defendatzen dute.

Langile gisan dituzten arazoez gain, porrot egin duen polizia eredu baten ondorioak ere sufritzen dituzte. “Formazioa Ertzaintzari ematen zaion bera da, oso aldaketa gutxirekin. Ez dugu ikusten gure eredu propioaren aldarrikapena formazio horretan. Udaltzain eredu propioa aldarrikatzen dugu. Hurbileko udaltzainak nahi ditugu, euskaldunak, herrietan errotuak… Formazio eredu horrek ez ditu gure eskaerak betetzen. Ertzaintzarekin lankidetza behar dugu, baina morrontzarik ez. Badirudi kasu askotan udaltzainak Ertzaintza ordezkatzeko direla, bere menpe jardungo duen polizia bat. Gure ustez udaltzaingoak izaera propioa izan behar du, eta uste dugu herri honetan lekua dagoela bi polizia ezberdinentzako: Ertzaintza batetik eta, bestetik, udaltzaingoa, historikoki izan duen funtzioa beteko duena: herritarrengandik hurbilen egon den polizia izan da beti udaltzaingoa”.

Testuinguru honetan, pedagogia egitearen beharra azpimarratzen dute udaltzain hauek. “Aldarrikatu nahi dugu badagoela lekua beste polizia eredu batentzat, izaera propioa izango duena. Gu gara herrietan gaudenak, eta herritarrek eskertzen dute hurbiltasun hori. Kasu askotan arazo bat dutenean gugana jotzen dute, konfiantzazko poliziatzat gaituztelako. Kalean gaude eta egunero ikusten gaituzte. Adibidez, goizean umeak eskolara doazenean trafikoaz arduratzen gara, eta han ikusten gaituzte egunero”.