ESTATALIZAZIOA
“Euskal hitzarmenak estatukoen gainetik lehenesteko bidea berriro abiatu beharra dago”
Espainiako Kongresuaren gehiengoak atzera bota du euskal hitzarmenak lehenesten zituen dekretua. Zein egoeratan geratzen da orain afera?
Ez dakigu Gobernuak dekretu berri bat atera nahiko duen, bakarrik estatalizazioaren gaia sartuta edo, agian, lege proposamen bat egingo duen. Auskalo. Berez aurretik bazegoen Kongresuan prozedura bat hasita. Nahi izanez gero bide horri ere jarraipena emateko aukera dago. Baina gaur gaurkoz ez dakigu zer pasako den.
Dekretu honen bozketaren eta prozeduraren inguruan kalapita handia sortu da.
Espainiako Gobernuak neurri ezberdinak dekretu berean nahastuta izapidetzeko ohitura antidemokratikoa du. Horrek dekretua bere horretan onartzea ala gaitzestea suposatzen du, aldaketarako aukerarik gabe. Lan alorrean egindako aldaketak dekretu bidez eta gai asko nahastuta gauzatu nahi izan zuen Gobernuak; Podemosen aurkako botoaren ondorioz, beste gai batzuen artean, Hego Euskal Herrian sinatutako akordioek lehentasuna izatea bertan behera geratu zen.
EAEko eta Nafarroako hitzarmenek lehentasuna izatea berriz ere eztabaida dadila exijitzen dugu, eta ez dadila bestelako neurriekin nahastu, are gutxiago murrizketekin. Dekretu horrek ELAren ustez onartezina zen murrizketa bat zekarren: 52 urtetik gora langabezia sorospena jasotzen zuten langileen kotizazioetan %125etik %105era murriztea. Murrizketen aurkako jarrerak Hego Euskal Herriko langileentzat oso garrantzitsua den neurria bertan behera uztea ekarri du: Espainian sinatzen diren hitzarmen txarrak Euskal Herrian hobetzeko aukera, hain zuzen.
Zergatik da horren garrantzitsua hemen negoziatutako hitzarmenek lehentasuna izatea?
2017an Akordio Interprofesional bat sinatu genuen EAEn. Akordio horren arabera hemengo hitzarmenek lehentasuna izan behar zuten. Hala ere, akordio hori juridikoki ez da sendoa, eta badugu zalantza gaia Auzitegi Gorenera eramanez gero ea ez den bertan behera geratuko. Lege Dekretu horrek, onartu izan balitz, Akordio Interprofesional horri erabateko blindajea ematen zion, erabat bermatuz hemengo hitzarmenek lehentasuna izango luketela Estatukoekin alderatuz. Nafarroan egoera ezberdina da. Bertan ez dago EAEko egoera bera; juridikoki Autonomia Erkidego bat da eta ez da behar gisa horretako Akordio Interprofesionalik.
Guretzat parte horretan dekretua oso positiboa zen, hemen negoziatzeko aukera erabat blindatzen zuelako. Eta, bereziki, garrantzitsuena dena: hemen langileek une jakin batean borrokatu ahal izatea eta euren lan baldintzak hobetu ahal izateko grebak egin ahal izatea. Hemengo hitzarmenek lehentasuna duten ala ez zalantzan jartzen denean garrantzitsuena da ea langileek greba egiteko legezko eskubidea izango duten ala ez. Hori zen bermatuta geratzen zena.
Goazen adibide zehatzetara. Uneotan hainbat sektoretan ari gara estatalizazioaren aurka borrokan.
Bai, adibide esanguratsu bat jarriko dut. Uneotan Kimiketako hitzarmena negoziatu nahi dugu. Kimiketako Estatu-mailako hitzarmenak dio ezin dela beste inongo esparrutan negoziatu, nahita nahiez Estatukoa edo enpresa mailakoa dela aplikatu litekeen hitzarmen bakarra. Estatuko hitzarmen horrek 18.000-19.000 euroko soldatak dakartza. Hemen Industriaren sektoreko hitzarmen bakar batek ere ez ditu horrelako soldatak aurreikusten. Guretzat oso inportantea da hemen negoziatu ahal izatea eta, bereziki, Kimikaren sektoreko langileek greba egin ahal izatea hitzarmen hobeak lortu ahal izateko.
Kimikako hitzarmenaren negoziazioen baitan Confebaskera eta herrialde ezberdinetako patronaletara jo dugu hitzarmena hemen negoziatu ahal izatea eskatuz. Patronalek esan digute ezin dela, Estatuko hitzarmenak esaten duelako ezin dela EAE edo probintzia mailan inongo hitzarmenik negoziatu. Dekretua onartu izan balitz juridikoki ez zen egongo inolako oztoporik hemen hitzarmen bat negoziatzeko. Eta hortik aurrera patronalaren eta gure arteko indar harremana noraino heltzen den ikusiko litzateke. Baina, argi duguna da, hemen ez liratekeela sinatuko 18.000 edo 19.000 eurotako hitzarmenak.
Hemengo patronala, hango hitzarmenak…
Confebask interesatzen zaionean oso espainiar-zalea da. Lan baldintzak hobetu behar direnean oso argi daukate ez direla hobetu behar. Eurentzat oso erosoa zen esatea juridikoki zalantzagarria dela hemen negoziatzeko aukera dagoen ala ez. Dekretuaren onarpenak zalantza horiek kentzen zizkien, eta, hortik aurrera, beste edozein hitzarmenetan bezala gure gaitasunaren arabera eduki hobeak edo okerragoak lortuko genituzke.
Hego Euskal Herriko errealitate sindikala oso bestelakoa da. Estatuan, Kimiketako edo beste edozein hitzarmen adostu behar denean, grebarik egin gabe negoziatzen dira. Estatuko hitzarmen batengatik ez da greba bakar bat egin azken 20 urteetan. Horregatik dira diren bezalakoak lortzen diren hitzarmenak, miseriazko edukiz beteta. Guk eduki horiek ezin ditugu ontzat eman.
Gaur egun gatazka asko ditugu negoziazio kolektiboan estatalizazioa oinarri dutenak…
Orokorrean, gehien estatalizatutako negoziazioak zerbitzuen ingurukoak dira, sektore feminizatuetakoak. Hau da, orokorrean lan baldintza kaskarrenak dituzten esparruak. Atzera begiratuz gero, erraz konturatzen gara batez ere zerbitzuen inguruko sektore feminizatuetan ematen direla Estatuko hitzarmen miserable horiek. Ziurrenik langileen antolakuntza txikiena duten esparruetan CCOO eta UGT gehiago ausartzen dira horrelako hitzarmenak sinatzera. Industriaren alorreko probintzia-mailako hitzarmenak daudenean ez dira ausartzen miseriazko eduki horiek sinatzera.
Berriz ere Hego Euskal Herriko salbuespenera itzuliko naiz. Estatuko gainerako tokietan ez da apenas grebarik egiten zerbitzuen alorreko sektore feminizatuetan. Estatistikek diotenez zerbitzu pribatuetan hemen greba gehiago egiten dira Estatuko gainontzeko lurralde guztietan baino. Indar gabezia horrek eragiten du Estatuan miseriazko hitzarmen horiek sinatzea. Ez da kasualitatea egun ELAn afiliatzen diren lagun gehienak zerbitzuen alorreko sektore feminizatuetakoak izatea.