“Gobernantza ekonomikoa”, Europa hondamendi sozial eta ekonomikora daramaten politiken haritik

2011/09/28
Europako Parlamentuan “gobernantza ekonomikoa” izeneko proposamena bozkatuko da irailaren 28an. Itxuraz positiboa den izen horrek, ordea, beste zerbait ezkutatzen du, gobernuen aurrekontuetarako irizpide gero eta estuagoak ezartzea

Halaber, EBko erakundeek esku hartu eta erabaki ahal izango dute aurrekontu publikoei buruz, ekonomi- eta gizarte-politikaren lehentasunei buruz, baita estatu bakoitzeko eskubide laboral eta sozialei buruz. Europar Batzordeari kontrolatzeko botere handiak ematen zaizkio, eta isun handiak ezartzeko aukera.

Erabakion ondorioz eskubide sozial gehiago murriztuko dira, krisia areagotuko da, eta berriro agerian geratuko da europar eraikuntza prozesuaren defizit demokratikoa.

ELAren irudiko, lege multzo hau arduragabekeria politiko larria da. Europan agintzen dutenak ados jarri dira era guztietako murrizketak ezartzeko, eta hauek herritarrak hondamendira eramaten ari dira, batik bat langile-klasea eta kolektiborik ahulenak. Langabeziaren eta prekarietatearen gorakada, eta gizarte-babes gabezia gero eta handiagoa ezarritako politiken ondorio dira. Goitik behera aldatu behar dira;  zero defizitaren ideologia, enpresei egindako opariak eta murrizketa sozial eta laboralak baztertu egin behar dira. Haatik, “gobernantza ekonomikoa” norabide okerrean egindako beste urrats bat da. Politika hauek bultzatzen dituztenek badakite zertan dabiltzan, eta honek ez du euren ospea hobetzen.

Horregatik, ELAk “gobernantza ekonomiko” izeneko honen aurka dago, herriak zigortu nahi baititu lukurreriak eta banku zein korporazio handien ekintza kriminalek eragindako krisi hau ordaintzera. ELAk erabateko aldaketa egitea exijitzen du, politikak jendearen bizi- eta lan-baldintzen mesedetan erabaki daitezen.