BIZKAIKO OSTALARITZA

“Lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoak eragotzi ditugu”

2025/04/03
ELAk Bizkaiko Ostalaritzako hitzarmena sinatzea lortu eta lanaldi partzialeko aldizkako langile finkoak ugaritzea eragotzi du; akordioak soldatak % 15,5 eguneratzea, lanaldia murriztea, enpresa guztietan erregistro telematikoa egitea eta “riderrak” hitzarmenean sartzea aurreikusten du.

Martxoaren 19an ELAk hitzarmen berria sinatu zuen Bizkaiko Ostalaritzarako. Akordio horrek, beste alderdi positibo batzuen artean, hauek jasotzen ditu: soldatak % 15,5 eguneratzea, lanaldi-murrizketak, erregistro telematikoa enpresa guztietan, “riderrak” hitzarmenean sartzea eta, batez ere, lanaldi partzialeko aldizkako langile finkoak ugaritzea eragoztea.

Marige Fernández Bizkaiko Ostalaritzako arduradunak 26.000 langileri mesede egingo dien akordioaren aurrean gaudela nabarmendu du. “Oso pozik gaude akordio honekin. 2025erako soldataren eguneratzea % 15,5ekoa izango da, 2026rako KPI+% 0,5 eta 2027rako KPI+% 1,6. Adibidez, hirugarren mailako zerbitzari batek, sektorean ugarienak, 220 euro gehiago kobratuko ditu martxoko nominan. Ezin dugu ahaztu hitzarmena 2020. urteaz geroztik zegoela konpondu gabe, eta urte hauetan langileek erosteko ahalmena nabarmen galdu dute”.

“Soldaten gaiaz gain, akordioak beste hobekuntza asko jasotzen ditu. 4 orduko lanaldi-murrizketa dago, lanaldiaren kontrol telematikoa ezartzen da enpresa guztietan, Riderrak hitzarmenaren esparruan sartzen dira, kolektibo horrek 60 euroko plusa izango du... Ahaztu barik akordioak kolektibitateen esparruak bere hitzarmen autonomiko propioa izateko aukera ere irekitzen duela. Urteak generamatzan hori eskatzen”.

Lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoak geldiarazi egin dira

Baina, alderdi bat azpimarratzekotan, Marige Fernándezek argi dauka. “Patronalak lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoak akordiotik kentzea lortu dugu”. Gai honen garrantzia ulertzeko, arduradun sindikal horrek beharrezkotzat jotzen du denboran atzera egitea. Zehazki, 2024ko maiatzera. “Duela ia urtebete, 2024ko maiatzaren 27an, LABek, CCOOk eta UGTk aurreakordioa iragarri zuten Bizkaiko ostalaritzan, baina ez dira gauzatzeko gai izan”.

“Une hartan jada salatu genuen aurreakordio horrek lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoak inolako mugarik gabe egiteko aukera jasotzen zuela, eta horrek berez zabala den sektorearen prekarietatea areagotuko luke. Kontratu mota horrek aukera emango luke, adibidez, marka guztiak gainditzen ari diren Bizkaiko hotelek aldizkako kontratu partzialak egin ahal izateko okupazioak gora egingo duela aurreikusten denean. Horretarako nahikoa litzateke aurretik dei bat egitea. Langileak eta haien bizitzak enpresen berehalako beharren mende geratzen ziren. Guretzat hori marra gorria zen, eta ez geunden onartzeko prest. Meloi hori irekitzea oso arriskutsua zen. ELAk martxoaren 19an sinatutako akordioak horrelako kontratuak ugaritzea eragozten du”.

2024ko maiatzeko aurreakordioa ez zen indarrean jarri; orain ELAk egoera desblokeatzea lortu du. “Aurreakordio hori sinatu ez genuen arren, hitzarmena desblokeatzen saiatu gara, eta horrek fruituak eman ditu. Eta behin eta berriro ahalegintzearen poderioz egin dugu, astunak, ia gogaikarriak, izanda. Hilabete hauetan zehar proposamen pila bat egin ditugu patronalak lanaldi partzialeko aldizkako finkoen gaia mugatzea lortzeko, azkenean gure helburua lortu dugun arte. Mahaitik kendu du eta hitzarmena sinatu ahal izan dugu”.

“Gure jendea oso pozik dago”

Marige Fernandezek Bizkaiko ostalaritzako langileen artean akordio horrek izan duen harrera bikaina azpimarratu du. “Duela urtebete aurrera atera ez ziren itxaropenak sortu ziren. Esango nuke frustrazioa ere bazegoela, aurreakordio hori sinatu zutenak —CCOO, UGT eta LAB— ez baitira denbora honetan guztian mugitu. Are gehiago, esango nuke denbora honetan egin duten proposamen bakarrak ez zuela inolako ibilbiderik. Aurreakordioa ez gauzatzeko arrazoia ostalaritza modernoa izan da. Ibilbiderik gabeko proposamen horretaz gain ez zen mahai bilera gehiagorik egin, eta eragile horien aldetik ez zen planteamendu berririk egon. Hori desblokeatu egin da ELAri, gure borrokari eta gure lanari esker”.

“Orain antolatzen eta borrokatzen jarraitzea dagokigu. Lan handia dugu aurretik sektorea antolatzen jarraitzeko. Ezin dugu ahaztu langile askok bost langile baino gutxiagoko tabernetan edo kafetegietan egiten dutela lan. Ez da erraza sektoreko jende guztiarengana iristea, baina horrek izan behar du gure erronka. Horrela, beren nominari edo hitzarmenean arautzen diren gainerako gaiei buruzko zalantzak dituzten guztiak animatu nahi ditut ELAren lokaletara hurbiltzera. Hitzarmena sinatuta dago, indarrean dago, eta esan dugun bezala, adostutako % 15,5eko soldata igoerak martxoko nominatik aurrera ordaindu behar dira. Baina nominena ez da kontu bakarra. Jardunaldiaren erregistro telematikoaren kontua ere hor dago. Orain arte enpresek nola-hala egiten zuten, erabateko desregulazioa bizi izan duen sektorearen aurrean gaudelako. Une honetatik aurrera, establezimendu guztiek bete beharko dute erregistro hori, baita bost langile baino gutxiago dituztenek ere, eta hori oso garrantzitsua da. Izan ere, estatu osoan hori lortzen duen lehen hitzarmena da. Horri esker, gehiegizko lanaldiak, aparteko orduak eta atsedenaldiak kontrolatu ahal izango ditugu”.

ELA da Bizkaiko ostalaritzako lehen sindikatua, alde handiarekin, ia % 47ko ordezkaritza baitu. Testuinguru horretan, Marige Fernándezek argi du zein izan behar den helburua.

“ELA gehiengoa den hitzarmenetan baldintza hobeak lortu dira. Hori sektore guztietan gertatzen da, baita ostalaritzan ere. Horregatik antolatu behar dugu, zorroztu, hauteskunde sindikalik ez dagoen lekuan egin... Gure erronka hitzarmenaren hurrengo negoziaziorako % 50 baino gehiago lortzea izan behar da, eta, horrela, gure lan eta bizi baldintzak hobetzen jarraitzea”.

BLOKEOAREN ARRAZOIAK

CCOO, UGT eta LAB ez ziren gai izan 2023ko maiatzean lortutako aurreakordioa gauzatzeko. ELAk etorri behar izan du desblokeatzera. Marige Fernándezek egoera horren zergatia azaldu du. “2022an, Ostalaritza Modernorako estatu mailako hitzarmena sinatu zen, janari lasterreko kateetan lan egiten duten langileak ostalaritzako hitzarmenetik ateratzeko asmo bakarrarekin. Aipatzekoa da Bizkaiko ostalaritzaren hitzarmena pizzerietan, hanburgeserietan edo ogitartekoak saltzen dituzten establezimenduetan aplika daitekeela. Sinatu zen unetik ELAk estatuko hitzarmen horren aurka egin zuen. Judizializatzen jarraitu dugu azkeneraino eta Auzitegi Gorenaren epaiaren zain gaude. CCOO eta UGT sindikatuetatik espero genuen gai hori auzitegietara ez eramatea, beraiek baitira estatuko hitzarmena sinatu dutenak. Baina, zer gertatzen da LABekin? Ez zuen epaiaren aurkako errekurtsorik aurkeztu Auzitegi Gorenean, eta negoziazio-mahaian gai horri buruz egin duen gauza bakarra inolako ibilbiderik gabeko planteamenduak egitea izan da, eta, gainera, hitzarmena blokeatzea lortu du”.