“Negoziazio kolektiboaren estatalizazioak lan-baldintzak okertzen ditu eta askatasun sindikala urratzen du”

Estatalizazioari buruz bi sindikatuek erabaki zuten adierazpen bat egitea; aipatutako eragileen helburuak salatzearekin batera, CIGek eta ELAk haiei aurre egiteko ekingo dioten lankidetza guneak iragarri zituzten.
ADIERAZPENA
Azken urteetan PSOEk eta PPk ezarri dituzten lan-erreforma gogorren xedea izan da langile-klasea pobretzea, enpresen etekinen hazkundea erraztea eta mugimendu sindikalaren eginkizuna ahultzea. Helburu horiek lortzea posible egiten duten erabakietako bat negoziazio kolektiboa estatalizatzeko aukera da, PSOEko Zapateroren 2011ko erreformak ireki, eta PPk 2012an egin zuenarekin jarraipena izan zuena.
CEOE, CCOO eta UGT Espainian erreforma haren baitan sinatzen ari diren estatu, sektore eta enpresa mailako hitzarmen eta akordioak aztertuta, CIGek eta ELAk horien helburu nagusiak nabarmendu eta salatu nahi ditugu:
-
Estatalizazioa lan-baldintzak zeharo txartzeko egiten da. CEOE, CCOO eta UGT betetzen ari dira besteak beste Espainiako Bankuak erreformentzat ezarritako helburua: hitzarmen estatalak lehenestea, soldatak jaitsiarazteko. Espainiako Bankuaren arabera, soilik bi negoziazio eremu geratu behar dira: estatukoa (langileen benetako parte hartzetik urruna) eta enpresakoa; azken hau lan-baldintzak erabat malgutze aldera. CIGek eta ELAk nabarmentzen dute gaurkoz estatalizazio honek, genero ikuspuntutik hartuta, askoz kalte handiagoa eragiten diela emakumeei: multzo honetako hitzarmen gehienak sektore oso feminizatuetakoak dira.
-
Estatu mailako hitzarmen edo akordioek (sektore zein enpresakoak direla ere), zeinek galarazi egiten diguten estatukoa ez den beste eremuetan negoziatzea, xede bat dute: beste sindikatu batzuk, gure nazioetan ordezkaritza nahikoa izanagatik ere, baliagarri izan gaitezen eragoztea, beren lan-baldintzak negoziatzeko hautatu gaituztenentzat. Praktikan estatalizazioak askatasun sindikala urratzen du, betoa ezartzen baitio negoziazio kolektiboari, hots, oinarrizko eskubide hori taxutzen duten eduki nagusietako bati.
-
Patronalaren interesa agerikoa da: hitzarmen estatalez baliatzea; hitzarmenok, langileengandik urrunak izanik, hauen parte hartzea galarazten dute, eta horri esker enpresek diru gehiago irabazten dute, lana prekarizatuta eta, bide batez, ekintza sindikala eta greba ezinezko bihurtuaz.
-
Bestalde, azken lan-erreformen itzalean, CCOOk eta UGTk beren ordezkaritza-monopolioa estatu guztian finkatu nahi dute. CCOOk eta UGTk patronalari nahi duena ematen diote, horren truke CEOEk solaskide bakar gisa aitortzen dituelarik. Monopolio sindikalaren helburuak, beste batzuri askatasun sindikaleko oinarrizko eskubidea ukatu eta eragindako langileak aintzat hartzen ez dituen heinean, sindikalismo bertikalaren gero eta antza handiagoa hartzen du.
-
CEOE, CCOO eta UGT organizazio espainiarrak oldarkorrak dira estaturik gabeko nazioetan, esaterako Galizan eta Euskal Herrian, dauden beste errealitate sindikalekiko. Gauzatzen ari diren estatalizazio estrategiak agerian uzten ditu CIGen eta ELAren ustez garrantzi handia duten auziak. Lehena, gure nazioen arau-markoen gabezia handia, hauek ez baitute lan- eta gizarte-arloko legegintza eskumenik jasotzen; bigarrena, berriz, gure herrien burujabetzaren aldeko borroka oso lotuta dagoela ordezkatzen dugun langile-klasearen bizi- eta lan-baldintzekin. Negoziazio kolektiboak lan-esparruan arauak sortzeko aukera ematen du, eta honi eskerrak sindikalismo erreibindikatiboak, esaterako CIG eta ELAk, aberastasunaren banaketa zuzenagoa lortzeko ahalmena du. Euskal eta galiziar langileok negoziazio kolektiborik gabe uztea “espainiar merkatuaren batasuna” sakontzeko CCOO, UGT, botere ekonomiko eta gobernuen estrategiaren osagaietako bat da: ekidin nahi dute guk eragina izatea, eta, horrenbestez, pobretu egin nahi gaituzte.
Hau ikusirik, CIGek eta ELAk erabaki dugu elkarri gure esperientzien berri eman eta estatalizazioari aurre egiteko estrategiak partekatzea. Helburu horrekin honako urratsak egingo ditugu:
▪ Galizako eta Hego Euskal Herriko (Gasteiz eta Iruñeko) parlamentuei eskatuko diegu negoziazio kolektiboaren aldeko ebazpenak egin ditzatela, eta lan- eta gizarte-arloko legegintza ahalmena euskal eta galiziar autogobernuaren atal bihur daitezen. Ezin da esan demokrazia edota autogobernua dugunik gure nazioetan aberastasuna nola banatzen den erabakitzeko tresnarik ez badaukagu.
▪ Erabaki dugu bi sindikatuetako zerbitzu juridikoek elkarrekin lan egingo dutela askatasun sindikalerako eta negoziazio kolektiboko oinarrizko eskubidearen defentsa juridikoa prestatzeko.
▪ Beti egin izan dugun moduan sindikalismoaren balioa aldarrikatzen dugu langile-klasearen tresna gisa, egitate sindikalak islatzen duen nortasun kolektiboa deuseztatzeko patronal eta gobernuen estrategiei aurre egite aldera. Gure esku dagoen guztia egingo dugu alde bakarreko erabakiak ezarri nahi dituen patronalaren aurka; honen asmoa lan-harremanak enpresa eta langileen arteko banakako erlazio bilakatzea da, sindikatu eta eskubide kolektiborik gabe.
¡VIVA A CLASE TRABALLADORA GALEGA!
GORA EUSKAL HERRIKO LANGILERIA!
CIG eta ELAko Batzorde Exekutiboak
Santiago, 2016ko maiatzaren 10a