“Podemosek aurrekontu neoliberal batzuk kontsolidatu ditu aurrekontua %0,75 aldatzearen truke”

2019/12/12
ELAren gizarte politiken arduradun Mikel Novalek azpimarratzen duenez ez dago aldaketarik aurrekontuetan, baizik eta Podemos eta Equoren estrategian. Arduradun sindikal honen ustez, alderdi hauek mesede eskasa egiten diete aurrekontu eta zerga politiken eraldaketa erradikala defendatzen dugun indar sindikal eta sozialei.

Eusko Jaurlaritzak 2020ko aurrekontuak onartzea ahalbidetzen dion akordioa lortu du Podemos eta Equorekin. "Ez du inolako aldaketarik ekarriko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu politikan" adierazi du ELAko gizarte politiken arduradun den Mikel Novalek.

ELAko arduradunarentzat Podemosek eta Equok Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu marrak bere gain hartu dituzte, Jaurlaritzak ez baitzuen onartu zerga bilketa handitu eta aurrekontua handitzea ahalbidetuko zion zerga erreforma bat negoziatzea. 2017ko aurrekontu negoziazioan ez bezala, urte hartan PPrekin Sozietateen gaineko Zerga jeistea adostu zen. Gastu-arauaren mugak ere ontzat eman dira, zeinak 2020rako aurrekontua %2,8 baino gehiago haztea eragozten du, Jaurlaritzak duen superabita handia izan arren. Era berean, zorra ordaintzearen lehentasuna onartzen da, sail sozialen partiden igoerari eragiten dion bitartean.

Novalek azaldu duenez, zehazki "aurrekontu proiektua 88,9 milioi eurotan aldatu da, hau da, horrek hasierako proiektuaren, 11.774 milioien, %0,75 suposatzen du. Argi dago, zentzu horretan, onartuko den aurrekontuan ez dela aldaketa nabarmenik emango ". Horrez gain, gaineratu du, aurrekontua ez dela handituko 88,9 milioi eurotan, izan ere, gastua berresleitu besterik ez da egingo (gastua murrizteko emendakinak daude). Beraz, Jaurlaritzaren hasierako proiektuarekin konparatuz, adostuko den aurrekontua, ez da areagotuko.

ELAren ustez, erabat larria da DSBEan 2008an Eusko Legebiltzarrean onartu zen legearekin alderatuta dagoen murrizketa adostea 2020rako. "Hastakeria hutsa da ezkerreko indar politiko batek, murrizketen aurka agertu denak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren HEL babestu zuenak, %25eko murrizketa onartu izana (aipatutako 2008ko legeak ezartzen duenarekin alderatuta). Gogora dezagun HELak, DSBEa LGSren berdina izatea planteatzen zuela (1.050 euroko hamabi ordainsari).

Halaber, Mikel Novalek adierazi duenez, "Akordioak ontzat ematen du EAEko Jasangarritasun Energetikoaren Legea ere ez betetzea". Lege horrek xedapen gehigarri batean jasotzen zuen 2020an Eusko Jaurlaritzak gutxienez 100 milioi euroko funts bat eratu beharko zuela administrazio lokaletan, lege horretatik eratorritako inbertsioak errazteko ". Akordioak 80 milioi uzten ditu etorkizunerako, eta zenbateko horren erdia baino gehiago noizko izango den ere ez dute zehazten.

Elementurik deigarrienetako bat da akordioa 2020rako itun gisa aurkeztea, baina errealitatean etorkizuneko urteetarako konpromiso ekonomikoak jasotzen ditu; beraz, hurrengo legealdiari begira egindako akordioa dirudi, datorren urtean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango baitira.

Azkenik, ELAko arduradunaren ustez, "Ahal Duguk eta Equok mesede eskasa egiten diete aurrekontu eta zerga politiken eraldaketa erradikala defendatzen dugun indar sindikal eta sozialei. 2019ko aurrekontua oso neoliberala da, eta hala zioten duela urtebete indar politiko horiek. 2020rako onartuko denak ez du inolako aldaketarik ekarriko bere orientazio neoliberalean; aldatu direnak, ordea, orain babestuko duten indarrak dira".