5/2002 Errege Dekretuaren azterketa genero-ikuspegitik

2003/04/07

2003eko martxoaren 21ean amaitu zen Gipuzkoako Batzar Nagusiek iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko sorturiko ponentzia. Tamalez, ezin dugu txosten horri buruzko balorazio positiborik egin.

Harrera ona egin genion batzorde txostengile honen sorrera, EHk eta EAJ-EAk, duela ia lau urte, Gipuzkoako Batzar Nagusietan emaniko babes akordioaren ondorio izan zen. Batzordea sortzeko arrazoia ikusita, zalantza egin genuen hasieratik iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko benetako borondaterik ote zegoen. Hala ere, iruzur fiskalaren gai mingarri horretan aurrerapausoren bat emateko borondaterik onenaz, eta zerga arloan kontrolerako organoa sortzearen aldeko gure printzipioarekin bat jokatuz, parte hartzea erabaki genuen, batzordearen jarduketa-eremu bakarra iruzur fiskala zela jakinik. Edonola ere, gure iritziz, Batzar Nagusietatik bereiz diharduen hiruko batzorde iraunkorra sortu beharko litzateke, zerga arloan hartzen diren erabaki guztiak bertan eztabaidatzeko.

Batzordea EAJ, EA, Batasuna, PSOE eta PP alderdi politikoek, Gipuzkoako Kooperatiben Elkarteak, Gipuzkoako Kontsumitzaileen Elkarteak eta ELA, LAB eta UGT sindikatuek osatu dute. Adegi patronalak hasiera-hasieratik egin zion uko bertan parte hartzeari. Erabakiren bat hartu behar izanez gero, alderdi politikoek baino ez zuten botoa, gizarte-erakundeok, hizpidea bai, baina botorik ez genuen eta. Txostena amaituta, ordea, gure ahotsa ere ez dela entzun egiaztatu dugu.

Txostenaren dinamika eskasa izan da; izan ere, azken aldian, presa dela eta, bilerak nahiko maiz egin badira ere, hasieran denbora asko galdu baitzen bilera batetik bestera. Gainera, hasieran, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariak bilera horretarako prestatutako dokumentua azaldu besterik ez zen egiten, gure ustez, denbora galtze hutsa zen arren. Horregatik, ponentzian parte hartzen zuten kideei dokumentazio hori aldez aurretik bidaltzea eskatu genuen, hurrengo bilerarako aztertuta ekartzeko, eta bilera zalantzak argitzeko edo ideiak planteatzeko erabil zedin. Proposamen hori onartu eta txostenaren funtzionamendua nolabait hobetu bazen ere, sarritan, hurrengo bileran tratatu behar zen dokumentazioa oso egun gutxi lehenago bidaltzen zen eta, behin edo behin, (gure kasuan, behintzat) ez zaigu dokumentaziorik bidali edo ez zaigu bilerarako deialdia helarazi.

Batzorde txostengilean parte hartu genuen taldeok 45 gai proposatu genituen, eta 23 bilera egin ziren. Gaiak bi multzotan banandu ziren, eta 2002ko maiatzaren 16an eman ziren argitara lehenengo multzoko ondorioztapenak, ustez taldeen ekarpenetatik ateratakoak. ELAk, une hartan jadanik adierazi zuenez, ez zituen bere egiten azken dokumentuan jasotako balorazioak.

Gaia zehazten hasi aurretik, zertaz hitz egiten ari garen jakiteko, gogoratu behar dugu Gipuzkoan, azken datuen arabera, jarduera enpresarial, profesional eta artistikoetako kolektiboak PFEZn, batez beste, aitortutako errenta 11.470 ¬-koa izan zela 1999an, soldatapekoena 15.620 ¬-koa izan zelarik; bestela esateko, Gipuzkoan, jarduera enpresarial, profesional eta artistikoetako kolektiboaren errentek lan errentek baino 4.150 ¬ gutxiago aitortu zituen 1999an. Zoritxarrez, Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeetako kasuistika berdina da.

Batzordeak txostena amaitutzat eman zuen bileran, martxoaren 21ekoan, bigarren gai-multzoko ondorioei buruzko dokumentua adostu zen, Batasunaren kontrako botoaz eta gainerako alderdi politikoen adostasunaz. Gure iritziz, lehenengoa bezala, inora ez garamatzaten asmoen adierazpen hutsezko txostena da. Dokumentuan, inolako helmugarik ez duten eta historiara igaro gabe desagertzera kondenaturik dauden proposamen zehaztugabe batzuk besterik ez dira jaso. Honelako esaldiek: informazioa sakontzea, eragiketen kontrola areagotzea, jarraipena egitea, elkarlanean aritzeko mekanismoak sakondu ditzala, ekimenen garapena sustatzea, laguntzeko zerbitzua hobetzea, eta horien antzeko beste askok ez dute ezertarako balio, helburuak lortzeko neurri zehatzak aipatzen ez badira. Munduko gosea desagerrarazi behar da tankerako adierazpenak adosten eta erabakitzen errazak dira, baina ezer gutxitarako balio dute, neurri zehatzak erabaki ezean, BPGaren %0,7 horretara bideratzea, adibidez.

Aldundian gobernatzen duten alderdien ordezkariek adierazitakoaren arabera, zehaztu gabeko testua da, txostena prestatzeko batzordean parte hartzen zuten taldeen artean zehaztasuna lortzea oso zaila litzatekeelako, eta Aldundiari dagokiolako batzorde horrek egindako iradokizunak zehaztea.

Zehaztasunik ezari bereziki kezkagarria deritzogu, bereziki arlo bitan. Alde batetik, moduluen sistemari atxikitako jarduera enpresarial, profesional eta artistikoei dagokiena da. ELAk errenta aitortzeko sistema horren kontrako jarrera adierazi zuen, batzorde txostengilean eztabaidatu zenean, eta sistema hori indargabetzea ezinezkoa baldin bada, aitorpen-sistema hori aukeratzen duten kolektiboen ikuskapen-portzentajea finkatu egin beharko litzatekeelakoan gaude, iruzurra hain erraz baimentzen duela kontsideratuz. Izan ere, Aldundiak berak emandako informazioen arabera, modulukako aitorpen-sistemari atxikitakoen ikuskapenak zuzeneko estimazio-sistemakoenak baino urriagoak dira; ELA horren kontra ere azaldu zen.

Zehaztu gabeko bigarren gaia, gure ustez, lehenengoa baino kezkagarriagoa, ikuskatze-maila da. ELAren iritziz, ikuskapenak iruzur fiskala desagerrarazteko biderik eraginkorrena dira. ELAk proposatutako gai hori bigarren gai-multzoaren amaieran eztabaidatu zen; horrek argi erakusten du batzorde txostengilean parte hartu duten talde politiko gehienek gai horri ematen dioten garrantzi eskasa.

Ikuskapenei buruz mintzatzerakoan aurkeztutako dokumentazioak, iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko batzorde txostengilerako baino, gastua kontrolatzeko batzorderako prestatutakoa zirudien. Izan ere, ez dago ikuskapenak ugaritzeko dirurik; baina, errenta handienei eta kapital-errentei PFEZren tasa jaisteko, bai, badago! Eta iruzurraren eraginez, urtero, errenten gaineko zergen bidez hainbat milioi gutxiago biltzeko ere badago! Eta gizarte-ikuspegitik hain beharrezkoak ez diren beste hainbat kontzeptutarako dirua ere badago!

Iruzurra egiten duten errentak (jarduera enpresarial, profesional eta artistikoak) ikuskatzeko aukera %1,2koa baino ez da, Aldundiak berak emandako informazioaren arabera. Santua izan behar da, portzentaje hori ikusita, iruzurra egitera ez arriskatzeko. Ez daukagu Hego Euskal Herriko beste 3 lurraldeei buruzko daturik, horietan iruzur fiskalaren kontrako ponentzia sortzearen borondaterik ere ez baita agertu, baina ezerk ere ez digu pentsarazten lurralde horietako egoera hobea denik. ELAk soldatapekoak ez diren errententzat %100eko ikuskatze-maila aldarrikatzen du preskripzio aldirako; horren arabera, preskripzio-aldia 4 urtekoa denez, urtean kolektibo horien %25 ikuskatu beharko litzateke. Hala ere, gure ustez, egokiagoa litzateke 5 urteko preskripzio-aldia finkatzea eta urtean %20 ikuskatzea. Europako beste herrialde batzuetan (Belgika edo Alemania kasu) horrela egiten da dagoeneko, planteamendu gauzagarria dela erakusten diguna. Borondate politikoa besterik ez da behar. Ikuskapenak ugaritzeko gure proposamena entzunda, ikuskapenok ez direla eraginkorrak eta, horregatik, proposamena ez zela dokumentuan jasoko erantzun zitzaigun.

Ikuskapenei buruz eztabaidatzeko aurkeztutako dokumentazioan, gainera, ikuskaritza, kudeaketa eta beste kontzeptu batzuk nahastu egiten dira, eta iruzur fiskalaren kontrako borrokan, ikuskapenak ez direla bide eraginkorra argudiatzen saiatzen da.

Iruzurraren aurkako borrokaren adierazletzat aurkeztutako emaitza kuantitatibo batzuk.

2001
Likidazio kopurua Bildutakoa Langileak
Ikuskapenak 1.688 31,1 50
Kudeaketa 73.611 66,9 250
Guztira 75.299 98 300

Aldundiak aurkeztutako taula horretatik honako ondorio hauek atera daitezke:

- Likidazioen %2 ikuskaritzara bideratuz, %32 biltzen da.
- Likidazioen %98 gestiora bideratuz, %68 biltzen da.

- Langileen %16,7k ikuskaritza-lanetan jardunez, %32 biltzen da.
- Langileen %83,3k gestio-lanetan jardunez, %68 biltzen da.

Datu horiek erakusten digutenez, zerga-bilketaren ikuspegian, ikuskapena gestioa baino eraginkorragoa da.

ELAk idatziz aurkeztu zituen argudio horiek, baina alferrikakoak izan ziren, bileretarako banatutako dokumentazioaren helburua iruzur fiskala gure gizartean konponbiderik ez duen gaitz txikitzat aurkeztea zelako.

Ikuskapen horiek egiteko, Gipuzkoako Ogasunak 35 langile ditu. Langileak gehitzearen alde ELAk egindako proposamena ere ez zen aintzat hartu.

Gure ustez, ikuskatze-maila eta langileen datuek argi erakusten dute Gipuzkoako Aldundiak gai horri benetan ematen dion garrantzia, bai eta arazoa zuzentzeko duen borondate urria ere, datuok guztiz normaltzat hartzen dituelako, inolako aldaketarik planteatu gabe.

Batzorde txostengilean parte-hartzea onuratsua izan da alderdi bakoitzak gai horren inguruan duen jarrera ezagutzeko, bai eta, bereziki, beste edozein bide erabiliz lortu ezingo genukeen informazio garrantzitsua eskuratu ahal izateko ere.

Gainera, iruzurrez mintzatzean, biltzeke geratzen den dirua baino, badago garrantzitsuago den zerbait; gizarte-berdintasuna, elkartasuna, legeria betetzea eta, oso baliotsuak direlako, dirutan ezin zenbatu daitezkeen beste kontzeptu asko bermatzea.

Gure ikuspuntuan oinarrituta, batzordeak txostena prestatzen eman dituen ia bi urte eta erdian akordio eta proposamen zehatzak egiteko gai izan ez bagara, ez dugu ezer ere lortu. Eta gizarte-eragileek, botorik ez izateaz gain, hizpiderik ere ez dugu izan. Txostena prestatzen hasteko ezinbesteko baldintza zelako eman zela gure presentzia uste dugu, eta baita txostenari adostasunean oinarritutako irudi demokratikoa emateko ere. Horrexegatik egin dugu idazki hau, txostenaren prestaketan ez gaituztela aintzat hartu, gure ahotsa ez dela entzun ere egin, eta txostenean jaso diren ondorioek ez gaituztela ordezkatzen argi uzteko.