Aberastasunaren banaketa bidegabea salatu du ELAk Egoeraren Azterketaren azken alean

2016/11/21
ELAren aburuz egungo enplegua era kezkagarrian ari da prekarizatzen. Gaur egun egiten ari diren kontratuen %93,5 aldi-baterakoak dira. Bestalde, azken bost urteotan, aberastasunaren banaketak nabarmen egin du langileriaren aurka: langile klasearen errentetara bideratzen den BPGaren (Barne Produktu Gordina) zatiak beherakada nabarmena izan baitu. 2010ean aberastasunaren %49,2 bideratu bazen EAEn, 2015ean %46,2 izan zen; Nafarroan, %50,1 bideratu zen 2010ean eta 2014an, aldiz, %47,3.

Adolfo Muñoz "Txiki" idazkari nagusiarekin batera, Mikel Noval arlo sozialeko arduraduna eta Iñaki Salaberri, ikerketa bulegoko kidea izan dira gaur goizean Bilbo egoera ekonomiko eta sozialaren inguruko txostenaren aurkezpenean.

Muñozek salatu du aberastasunaren banaketak nabarmen egin duela langileriaren aurka eta neoliberalismoa indartsu dagoela eta oposizioari ez diolako beldur handirik. “Pairatzen dugun aldi neoliberalaren xedea da proiektu politiko, sozial eta sindikal eraldatzaileak desegitea”.

Bestalde, Novalek adierazi du hazkunde ekonomikoak ez duela enplegurik sortzen, eta "gure gizartean ezberdintasunak areagotzen ari dira". Sindikatuaren helburua da desberdintasunaren hazkundea eztabaida politiko eta sozialaren erdigunean kokatzea.

Soilik azken bost urteotan, aberastasunaren banaketak nabarmen egin du langileriaren aurka: langile klasearen errentetara bideratzen den BPGaren zatiak beherakada nabarmena izan baitu. 2010ean aberastasunaren %49,2 bideratu bazen EAEn, 2015ean %46,2 izan zen; Nafarroan, %50,1 bideratu zen 2010ean eta 2014an, aldiz, %47,3. Pobrezia, ordez, hazten dabil etengabe.

Langabe kopurua jasanezina da: ia 180.000 pertsona langabe ditugu Hego Euskal Herrian, %12,7ko langabezia tasa. Krisia hasi zenetik 2008an, 142.000 lanpostu suntsitu dira gure herrialdean, horietatik 78.000 pertsona langabeziara joan direlarik. Besteen gehiengoak emigratu behar izan du, baina gainontzekoek lana bilatzeari utzi diote etsiturik.

Gainera, sortzen den enplgua guztiz prekarioa da: gaur egun egiten ari diren kontratuen %93,5 aldi-baterakoak dira. Hori gutxi balitz, egiten diren kontratu guztien %39 lanaldi partzialekoak dira. Horrekin, ez da harritzekoa soldatapekoen laurdenak kontratu tenporalarekin egitea lan; ezta okupatuen seirenak landaldi murritzean egitea.

Langile klasearen zatitzea ere tresna indartsu bezala erabiltzen da, klase ertainen asmakuntzarekin loturik. Horrela, emakumeek diskriminazio bortitza pairatzen dute eta ez bakarrik soldata baxuagoak dituztelako: langabezia tasa altuagoak dituzte alor guztietan, tenporalitate handiagoarekin egin behar dute lan, enplegu partzialen gehiengoa hartu behar dute... hala eta guztiz ere, emakumeek borroka eginez gero eta soldatapeko lan gehiago egiten dute, enplegu kopuru osoan duten parte hartzea hazten doalarik era motel baina geldiezinean.

Gazte eta nagusiek ere diskriminazioa jasan behar izaten dute, areagotzen den diskriminazioa emakumeak direnean. Bi kolektibo hauetan, tenporalitate eta langabezia tasa erraldoi eta gorakorrak jasaten dituzte.

Europako Batasuneko 28 estatuekin alderatu ezkero, Hego Euskal Herriko egoera okerrenetakoa dela agerian geratzen da: hirugarren tenporalitate eta gazte langabezia maila altuena dugu, langabezia tasa laugarren okerrena da, urtebete edo gehiago langabe daudenen ehunekoa Europa osoko bosgarren handiena da...

Azken hamarkadetako joera latz hau gero eta jasangaitzagoa da. Ez da luze igaroko egoerak eztanda egin arte, bilakaera honek gizartearen gehiengoa kolpatzen baitu. Langileriaren mobilizazioa, klaseen borroka, politiken eraldaketa sakona inoiz baino beharrezkoagoak dira kontestu honetan irtenbide bat lortzeko. ELAk bide horrekin jarraitu besterik ez du egingo.