Abiadura Handiko Trenak ez du gizarte-helbururik betetzen

2007/02/20
ELAk Abiadura Handiko Trenaren aurka prestatu duen kanpaina aurkeztu du. Kanpaina honekin AHT-ak ez duela gizarte-helbururik betetzen salatu nahi du sindikatu honek.

ELAk behin eta berriro sustatu izan du trenaren aukera; ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren beharrak hobeto betetzen dituen aukera delakoan. Aldi berean, oraingo tren-sarearen egoera salatu izan dugu, ez baititu egokiro betetzen aipaturiko beharrizanak.

Tren-sareak euskal beharrizanak bete behar ditu, hau da, herriak, eskualdeak eta lurraldeak lotu behar ditu, errepide bidezko garraioari ordezkoa eskainiz, eta pertsonei zein salgaiei bide emanez. Sare hori ondo kateaturik egon behar da gainerako garraiobideekin, eta balio anitza ere izan behar da. Horregatik, ondo bilbaturik egon behar da, beste atal bat bezala, garraiobide publiko guztien eredu orokor batean.

Horretarako, hainbat erakundek 2006ko apirilean sinatu zuten protokoloan jasota geratu denez, sare horrek hurrengo baldintza hauek bete behar ditu:
- Dauden trenbideak ahalik eta gehien aprobetxatu behar dira, eta behar izanez gero, dagoen trazadura zabaldu eta hobetuko da.
- Sare nagusiko zein bigarren mailako trenbide berriak eraikitzea erabat beharrezkoa denean, horren gaineko eztabaida jendaurrera aterako da, eta hartu beharreko erabakia gizartearen adostasunez hartuko da.
- Eraikuntzaren eta mantentzearen Kostua (ekonomikoa, ekologikoa eta energetikoa) zerbitzuaren neurrikoa izan behar da.

Norabide horretan aurrera egin beharrean, EAEko administrazioek euskal Y-aren alde egin dute, sutsu bezain itsu, eta besterik gabe berenganatu dute Espainiako Gobernuaren proiektua, euskal esparrurako pentsatuta ez badago ere, eta gizarte-ekarpenik, ezta ondorengo aldaketarik ere, jaso ez badira ere.

Euskal Y-a edo Abiadura Handiko Trena (TAV) izeneko proiektuak ez ditu betetzen gizarte-trena izateko bete behar diren baldintzak; eta obrak, dagoeneko, hasita daude zenbait lekutan. Proiektu horrek ez du konpontzen pertsonak eta salgaiak garraiatzeko beharra, hiriburuak baino ez ditu lotzen, ez dago txertaturik garraiobideen eredu orokor batean, izugarrizko kalteak eragiten ditu inguramenean, eta kostu ekonomiko itzela dakar.

ELAk hamar bat urte darama herri-eztabaida eskatzen, baina Eusko Jaurlaritzako arduradun politikoek (oraingoek ere bai) ezetza eman digute beti. Hitza eta iritzia herriari eman beharrean, proiektu okerra ezarri digute.

Gauden puntuan gaudela, ELAk oraingo honetan eskatzen die erakunde publikoei obrak bertan behera uzteko, eta baita, pentsamoldeak irekitzeko ahalak eginez, Euskal Herriko trenbide-sarea beste ildo batetik lehenbailehen eramateko ere, lehen aipaturiko parametroak aintzat harturik.