Administrazioak 2007. urterako ordain sarien negoziazioa itxitzat eman du

2006/12/18
Gaur, abenduak 18, Administrazio publikoetarako negoziazio kolektiboaren mahai orokorra bildu da Gasteizen. Bileran, EAE-ko Administrazioak 2007rako negoziazio kolektiboa itxitzat eman du. ELAk salatu nahi duenez, Administrazioak negoziazio mahai orokorra bere kabuz erabili nahi izan du.

Mahai orokorrean dauden sindikatuek ez dute proposamena onartu, eta honek Administrazioak eginiko proposamenaren balorazio ezkorra dakar modu baterakoian. Une honetan, beraz, ez dago gutxiengo sindikalarekin akordiorik.

Bestalde, ELAren aburuz, Administrazioaren jarrera eta, bereziki, Funtzio Publikoko arduradun nagusiarena, arduragabekeri politiko nabarmena erakusten du; izan ere, negoziazioa itxitzat ematen du gatazkan dauden sektoreeen dinamika zapuzteko asmoz (Justizia eta Irakaskuntzako kolektiboak).

2007.urteari dagokion zuzeneko soldata igoera %3,75ean kokatzen da (Itzarrira ekarpena era gaineratzen da) eta bere horretan baloratu behar da, nahiz eta azken urteotako KPIarekiko galera ez duen konpensatzen. Beste % 0,5eko igoera probisionala aurrikusten da eta berau 2008ko akordioaren baitan kontsolidatu daiteke.

Gatazkak konpondu gabe, administrazioak bere kabuz negoziazioa amaitutzat ematen du

Administrazioko sakoneko arazoak konpondu gabe, datorren urteko negoziazio kolektiboa soldata igoera soilarekin bukatu izanak administrazioak sorturiko hausturan sakontzea dakar eta, bide batez, langileon ondoeza eta haserrea.

Hezkuntzako kolektiboak eta Justiziako gatazkak eta sor daitezkeen gainontzekoak administrazioaren errupekoak dira. Adabakiak jartzeko politika alperrikakoa bihurtuko da, beste behin.

Nahiz eta administrazioa hainbat aldiz adierazi soldataz gaineko gainontzeko edukiei heltzeko prest dagoela, urteoroko dinamikan gauza bera errepikatzen da lan harremanetako edukiei heldu barik. Are eta gehiago esan behar administrazioak aurreko akordioetan harturiko konpromezuak betetzen ez dituenean.

Hari horri helduaz, eta administrazioaren etengabeko jarrera ezkorra jakinik, negoziatzear dauden egiturazko gaiak ugariak dira. Hara nola, sektore ezberdinetako euskalduntze plangintzak, aparteko orduen ezabaketa, egiturazko funtzioak betetzen duten aldikako enpleguaren egonkortzea, prekarietate eta behin behinekotasunaren tasak murriztea, genero ikuspegiko politikak, zerbitzuen pribatizazioa eta abar…

Administrazioaren harrotasun eta jauntxokeri horren adierazgarritzat jo behar dugu, legez azaldu behar dizkiguten hainbat datu ukatu egiten dizkigutela. Hau da beren gardentasunaren ispilu.