Adolfo Muñoz: "Espainiako gobernuak kaleratzea merketu nahi du, patronalak aldi baterako kontratazioarekin iruzur egiten jarraitzen duen bitartean"

2005/10/17

ELAren negoziazio kolektiboko arduradun Adolfo Muñozek Espainiako gobernuak gaur goizean Madrilen UGT eta CCOO sindikatuei zein CEOE patronalari aurkeztu dion lan erreforma kritikatu du. ELAren ustez, "proposamenak lan eskubideen galeretan sakontzen duten oso proposamen kezkagarriak ditu. Kaleratzea errezagoa eta merkeagoa izan dadila nahi da, 'kontratu mugagabearen sustapen kontratuaren' eredua ahalik eta sektore gehiagotara zabaltzeko. Eredu horrek 1997ko lan erreforman UGT eta CCOOren sustengua izan zuen, eta kaleratzearen kalteordaina 45 egunetik 33 egunera murriztea eragin zuen, behin-behinekotasuna murriztua izan ez delarik".

Muñozen arabera, enpleguaren kalitatea lortzea helburu duen lan erreforma batek egungo lan merkatuak duen prekarietate izugarriari aurre egin beharko lioke. "Kontratuen %30a aldi baterakoak dira, eta horietako asko legeari iruzur egiten diete. Horri 'kontratu mugagabearen sustapen kontratua' bezala ezagutzen dena gehitu behar zaio; patronalak kontratu mota hori aldi baterako kontratua balitz bezala erabiltzen du. Bi urte igarotzen direnean, enpresariek langileak kalera botatzen dituzte, 33 egun ordainduta. Bien bitartean, enpresariek hobariak dituzte bi urte horietan".

ELAren negoziazio kolektiboko arduradunaren arabera, "legeari uneoro iruzur egitea zigortuta dago gizartearen maila guztietan, baina lan harremanetan iruzur egiten dutenei legeak ez die eragiten".

Muñozen arabera, "enpresariek uneoro iruzur egiten dute, baina administrazioak beste alde batera begiratzen du. Gobernuak irabazien marka guztiak hausten dituen patronal bat babesten du. Horrek irabazi izugarriak lortzea ahalbidetzen dizkion lan baldintzak ezartzeko aukera ematen dio patronalari. Legea urratzen duten kontratuak kontratu finkoak izan beharko luketela ezartzen duen legea betearazi beharko lioke administrazioak patronalari. Era berean, azpikontratazioaren ondorioei aurre egiten dieten neurriak hartu beharko lituzke, esaterako, kontratuen subrogazioa derrigortuz. Hala ere, legean kaleratze baliogabearen inguruko edozein erreferentzia kentzeaz hitz egiten ari da".