Aernnovak 150 langile kaleratu nahi ditu

2015/09/21
Aeronautikaren geroa arriskuan dagoela adierazi du langileen batzordeak. Izan ere, zuzendaritzak 150 langile kaleratu nahi ditu, produkzioko lantaldearen heren bat inguru.Sindikatuen esanetan, erabaki honek kolokan jarriko du sektoreraren etorkizuna Araban.

Irakurri langileen batzordearen agiria:

Gero eta sarriagotan ikusten dira prentsan berri onak Aernnova-ren aeronautika-negozioaren kudeaketari buruz:

Aernnova, munduko erreferentzia da, eta Airbus-en hornitzaile nagusietako bat-2015 api 22-.

Aernnovak Beluga XL berriaren zati bat egingo du Airbus-entzat, eta 100 ingeniari kontratatuko ditu-2015 eka 26-.

Aernnovak 10 milioi fakturatuko ditu, Airbus-ekin egindako kontratu bati esker-2015 abu 19-.

Aernnova enpresak burtsan ere hegan egin nahi du-2015 ira 7-.

Hala ere, lan-egoeraz ez da ezer aipatzen, eta zuzendaritzak jakitera eman berri duenez, langileen kopuru handi bat kaleratzeko asmoa dago. Ondoz ondoko bi urtetan ibili gara enplegu-erregulazioko espedienteen menpean, horrela sinestarazi nahi diete administrazioei okupazio-maila txikia dutela. Eta orain plantilla murriztu nahi dute, enpresa “arinago eta saneatuago” burtsan aurkezteko, laster batean izan daitezkeen akziodunen aurrean.

Herri honetako administrazioek inbertsioa egin zuten enpleguaren alde; eta orain, iragarri dutenaren arabera, plantillaren 1/3 kaleratuko dute. Behin esan zuten apustu egingo zutela eskulan kualifikatua izateko, baina helburu bakarra nazioarteko aeronautika-negozioan sartzea zen, diru publikoaren kudeatzaileek ematen dituzten diru-laguntza mamitsuez baliatuz.

Lortu egin dute, dagoeneko, aeronautikaren multinazional handien goraipamena. Ba omen da garaia, beraz, etekinen marjinak handitzeko, eta ildo horretatik serieko ekoizpena herrialde gorakorretan dituzten lantegietan oinarrituko da: Mexico, Txina, Brasil, India... Eta Berantevillako lantegia proiektu berriak garatzeko geratuko da soilik. Gogoratu beharrekoa da orain dela 11 hilabete eskas lehendakariak Mexicoko lantegia, hain zuzen, bisitatu zuela, eta kontinente hartan ezartzea “oinarrizkoa zela Euskadiren estrategian, presentziagatik, aukerengatik eta etorkizuneko egonkortasunagatik”. Zer nolako egonkortasuna zuen buruan? Ba al zekien orduan plan honen berri? Galdetuko genioke guk

Herri-diruaz enpresari koipea eman diotenek, gero “lanpostuen sortzaile”aren ondoan argazkian agertzeko asmoz, azalpen publiko bat eskatu behar diete orain, 150 langile kaleratzeagatik. Azalpen hori, enpresako langileei ez ezik, gizarte osoari zor diote. Herri-administrazioek paper aktiboa jokatu dute; orain, beraz, langileentzat eta gizartearentzat hain erabaki kaltegarria hartu denean, arduradun publikoek arduratsu jokatu behar dute, ezin dira egonean geratu.

Arabako Foru Aldundiak baina, batez ere, Eusko Jaurlaritzak diru mordoa bideratu du enpresa honek izan duen formakuntzan eta sortu dituen lan postuengatik. Orain, zuzendaritzaren ekoizpenaren apustuak Euskal Herria utzi nahi du atzean, beste sorleku desberdinak lehenetsiz, eta euren interes partikularrari eusten eta gizarteari bizkarra emanez.

Horregatik, hurrengo egunetan bilerak egiteko eskatuko diegu legebiltzarreko eta batzar nagusietako talde guztiei.

Datorren larunbatean, hilak 26, egiteko den manifestazioaren ostean baloratuko ditugu orain arte izandako kontaktuak eta enpresarekin irekitako negoziazioaren bilakaera.