AHT dela-eta, ELAk hots egiten du herritarrei hitza emateko

2007/11/30
ELA-rentzat demokraziaren aurkakoa da Elorrioko erreferenduma ez baimentzearen erabakia, eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu nahi die

ELAk aspalditik eskatu izan du herritarrei hitza emateko, Espainiako Gobernuak erabakitako eta Eusko Jaurlaritzak onetsitako AHT proiektua aurrera eraman behar den ala ez erabakitzeko.


Proiektu hori ez da beste hainbat bezalakoa; gure tren-eredua eta, orokorrean, gure garraio-eredua baldintzatuko ditu etorkizunean. Gainera, AHTk ondorio larriak eragingo ditu ingurumenean, proiektua azkenean burutzen bada, eta gainera ez ditu beteko Euskal Herriko herritarren eta salgaien joan-etorrirako beharrizanak.

ELAk uste du euskal herritarrei eman beharko zitzaiela hitza. Etsigarria izan da, beraz, Eusko Jaurlaritza beste bide batetik abiatu dela ikustea. Aitzitik, udal askotan bultzatu diren ekimenak, herritarrei kontsultatzeko gai hori buruz, txalogarriak, osasuntsuak eta beharrezkoak direla iruditu zaigu ELAko jendeari. ELAk bultzatu egiten ditu gainerako udalak, horrelako kontsultak egitera.

ELArentzat, Espainiako Gobernuak gai honen gainean hartu duen jarrera, eta udal-ekimen horietako batzuei errekurtsoa tartekatzeko erabakia, oso esanguratsuak eta adierazgarriak dira:
- Autoritarismo antidemokratikoa erakusten dute.
- AHT/TAV kosta-ala-kosta ezarri nahi dute, eta proiektuaren kontra daudenei ahotsik gabe utzi.
- Jendeari ez diote inoiz galdetu edo kontsultatu nahi, garrantzi handiko gaiez.
- Beldurra diote jendaurrean politika egiteari. Gauzak ezkutuan eta isilka egitea nahiago dute.
- Demokrazia urriko erakusgarriak dira: herritarren partehartzea lau urterik behin baino ez da praktikatzen.

ELAk dei egiten dio Eusko Jaurlaritzari, herritarrei kontsultatzeko eskubidea oraingo honetan ere bultza dezan. Oso harrigarria da Jaurlaritzaren isiltasuna. Badirudi prest dagoela Espainiako Gobernuaren interesekin bat etortzeko, baldin eta horrekin AHT/TAVen aurkako iritziak isilarazten baditu. Oraingo hau aukera paregabea da, kontsultarako aurrekariak ezartzeko, eta eguneroko jarduna erakutsiz sinesgarritasuna irabazteko. “Obrak dirade amore, ez hitz onen kolore”.