Akordioa Gipuzkoako garbiketa hitzarmenean

2015/01/14
ELAk Gipuzkoan sektoreko ordezkaritzaren %53,10 izanik, sinatu egin du patronalaren azken eskaintza, lan-erreforma hitzarmenetik kanpo utziz.

Gipuzkoako Garbiketa Hitzarmenak 3000tik gora langile hartzen ditu eraginpean lurralde osoan. Ari garen sektore hori oso sakabanaturik dago, eta enpresaren erreferentzia ahula da; kontuan izan behar dugu azpikontratazioa nagusi dela, eta enpresa aldaketak etengabeak. Gainera, subrogazioa enpleguari eta lan-baldintzei eusteko funtsezkoa denez, eta sektore-esparruan bakarrik arautzeko moduko eskubidea denez, ELAk apustu sendoa egin du azken urteotan sektore-mailan negoziatzearen alde.

Gipuzkoako garbiketa-sektorean lortu den akordioak erreformaren aurkako klausula garrantzitsuak jaso ditu. Alde batetik aurrera-eragin luzea, 5 urtekoa; beraz, txarrenean ere, hitzarmenaren indarraldia 2022. urtera arte luzatuko da. Bestaldetik, sektoreko enpresek ezin izango dituzte hitzarmenaren artikuluak salbuetsi, eta ezin izango dute jo ORPRICCEra (arbitraje-organoa) beren kabuz, alderdi sindikalarekin adostasunik lortu gabe.

Soldatak igotzeari dagokionez, 2015ean %1 igoko dira, 2016an %1,2, eta 2017an %1,4. Zenbait urtetan enpresek bai aplikatu dizkietela igoerak bezeroei fakturetan, baina igoera horiek gero ez dira islatu soldatetan. Eta orain igoerak gure helburuen azpitik geratu dira, langileek eroste-ahalmena galduko baitute, enpresen mesedetan. Beraz, atal horrek ez du merezi gure goraipamena.

Hala eta guztiz ere, balioespen orokor bat egitean, ELAn estimu handitan ditugu langileen mobilizazioak. Azken urtean hiru deialdiren ondorioz 10 greba-egun egin dira. ELAk horietan guztietan parte hartu du, batzuetan bakarrean eta besteetan sindikatu gehiagorekin batera. Horren ondorioz Gipuzkoako Garbiketa Hitzarmena dugu, sektore horretako hitzarmen bakarra da Hego Euskal Herrian, non bi alderdi bermatu diren: atal atzerakoirik ez (eskubide galera) eta arbitrajea borondatezkoa.

Aspel patronalak, lan-erreformak eman dion botereaz baliaturik, zenbait eskubide hitzarmenetik kentzea proposatu zuen; besteak beste, antzinatasunarena, hitzarmenaren indarraldia agortzen uztearen mehatxupean. ELAren proposamenei langileek eman dieten sostenguari eta mobilizazioari esker, patronalaren planteamenduei buelta eman ahal izan diegu.

Horrela, hitzarmenak artikulu guzti-guztiak gordeko ditu, aurreko borroketan lorturiko eduki garrantzitsuak ere barne; horra hor, astean 35 orduko lanaldia eta hobekuntzak bajetan. Gainera, ELAtik zentro-mailako negoziazioetan soldaten atala hobetzen saiatuko gara, azken urteotan galdu dugun eroste-ahalmena berreskuratzeari begira.