Altzairuaren sektorea zertan den aztertzerakoan informazioa ezkutatzen digute

2016/03/02
Dumping txinatarrari errua botatzen zaion bitartean, Arcelor Mittal berak ere Txinan altzairua ekoizten du. Bestalde, tarifa elektrikoaren kostuaz iluntasun handia dago. Gaurko egoerari aurre egin behar zaiolarik, Arantza Tapia Industria sailburuak erabaki du bere misioa gizartea desinformatzea dela, kapital atzerritarra duen enpresa handien mesedetan.

ELAk bere kezka agertu nahi du, izan ere, eragile batzuk kanpaina egiten ari baitira altzairuaren sektoreak bizi duen egoerari buruz ikuspuntu desitxuratua eman nahian.

Arcelor Mittalek Sestaoko bere lantegia "aldi baterako eta mugagabe" ixteko erabakiak erreakzioa eragin du, Altzairuaren Klusterraren zein Jaurlaritzaren aldetik, ebazpen hori justifikatze aldera. Arrazoia "dumping txinatarra" eta argindarraren faktura omen da. Sindikatuaren ustez, administrazio eta enpresak bat datoz bertoko enplegu eta lan-baldintzen kaltetan hartzen diren erabaki traumatikoak milaka kilometrora dauden eragile eta faktoreei leporatzerakoan.

ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak deitu dituen "altzairuaren mahaia"ren bilerek helburu bat dute, iritzi publikoari sinestaraztea parte hartzen dutenek euskal industria defenditzen dutela. Haatik, mahai horren inguruan esertzen diren enpresetako akziodun nagusien jatorriak agerian uzten du euskal industriaren etorkizunari buruz duten kezka: Arcelor Mittal (India), Gerdau (Brasil), Celsa Atlantic (Katalunia) eta Olarra (Italia). Enpresa hauek ez dute ezkutatzen xede bakarra dutela, beren akziodunei dibidendoak banatzea; alabaina, Jaurlaritzak sinestarazi nahi dio gizarteari enpresa hauei euskal gizartea axola zaiela.

Bestalde, euskal altzairutegietan egiten ari diren eta etor daitezkeen doikuntzen errua dumping txinatarrari egozten zaio. Baina ez da esaten Arcelor Mittal berak ere Txinan altzairua ekoizten duela: Jinxi Steel (China Oriental Group izenez ere ezaguna) enpresaren %47,02 Arcelor Mittalen esku dago. Ezin dugu ahaztu Arcelor Mittal dela munduko altzairu ekoizlerik handiena; produkzio ahalmenagatik bigarren enpresak baino bi bider gehiago produzitzen du. Arcelor Mittalek merkatuari egoztea erabaki traumatikoak hartu beharra erdi egia besterik ez da, Arcelor Mittal bera baita merkatu bera neurri handi batean. Esaterako, ACBk 2016rako aurreikusita duen produkzioa ez da galdu; taldeko beste lantegietara desbideratu dute.

Enpresen neurri traumatikoak zuritzeko erabiltzen den beste argudioa tarifa elektrikoaren kostu handiagoa da. ELAren aburuz iritzi publikoari kontsumitzaile handien fakturaren inguruan ematen zaizkion datuak oso ilunak dira. Gai honi buruz UPV-EHUko Gorka Bueno irakasleak Eurostatek eta Produktu eta Instalazio Siderurgikoen Esportatzaileen Espainiako Elkarteak (SIDEREX) emandako datuekin egin duen txostena ikusirik, https://goo.gl/D7Bm1l Euskal Herrian argindarraren kostua handiagoa dela dioen teoria erabat gezurtatuta geratzen da. Gainera, enpresek ez digute bat ere informaziorik eman nahi beren faktura elektrikoaz. ELA beldur da kanpaina hau guztia ez ote den hasi kontsumitzaile industrial handiei faktura areago murrizteko asmoz. Honek industria txiki eta ertainen eta familien faktura areago garestituko luke, azken erreformaren ondoren argindarraren kostu orokorra ezin baita murriztu.

Azkenik, ELAren ustez propaganda bidez gizarteari ezkutatu nahi diote azken urteetan ez dela politika industrialik izan. Gasteizko gobernu desberdinek azken hamarkadetan egin izan duten politika neoliberalaren ondorioz iritsi gara egungo errealitate negargarrira. Euskal enpresa handietako erabakiguneak milaka kilometrora daude. Gainera, euskal kapitala duen enpresa bat saltzen den aldioro Tapia sailburuak gidatutako departamenduak pozez hartzen du. Azken urteetan altzairutegiez gainera beste enpresa batzuk ere saldu dira: Guascor, Euskaltel, Corporación Patricio Echeverría; oraintxe Siemens eta Gamesa negoziatzen ari dira lehenak bigarrena bereganatzeko; industriako arduradunentzat deslokalizazioa beti izan da albiste ona.

Gure industriatik euskal kapitala desagerrarazteko apustuarekin bat, Tapia sailburuak aste honetan Legebiltzarrean Merkataritza eta Inbertsio Itun Transatlantikoaren (TTIP) alde hitz egin du; AEBek bultzatzen duten akordio honen helburua da merkatua erabat desarautzea. Merkataritzarentzako oztopoak ezabatu nahi dira; oztopotzat jotzen dira, esaterako, lege laboralak edota ingurumena babesteko legeak. Sailburuak akordioaren aldeko posizioa finkatu du, aukera handia izango omen baita "enpresa ertain eta txikientzat"; lerroburu polit honek ez du funtsik, inork ez baitu ezagutzen TTIPak zertan hobe dezakeen gure ETEen eginkizuna.

Uneotan eztabaidan dago Euskal Herria etorkizunean herri industrial bat izango ote den, lan-baldintza duinekin eta ingurumenaren ikuspuntutik jarduera arduratsua duena. Gaurko egoerari aurre egin behar zaiolarik, EAEko Industria sailburuak erabaki du bere misioa gizartea desinformatzea dela, kapital atzerritarra duen enpresa handien mesedetan. Dei egiten diegu langileei eta gizarteari tranpa honetan eror ez daitezen.