Amma Navarrako langileek jasaten dituzten kaleratze eta zigorren aurkako mobilizazioak

Bestalde, egin dituzten asanbleen ondoren, langileek erabaki dute egoiliarren arretarako protokoloak zorrotz betetzea; honek agerian utziko du Amma Navarrako egoitzak ikuspuntu laboraletik ez direla jasangarriak, behar bezala lan egiteko plantilla eta bitarteko teknikoak urriegiak direlako. Hots, negozio eredu honen oinarria esplotazioa eta langileen konpromiso pertsonala da, hau ezinbestekoa baita enpresaren kudeaketak dituen gabeziak osatzeko.
Gainera, ELA Nafarroako Gobernu berriko Eskubide Sozialetako lehendakariordea den Miguel Laparrari eskatuko dio diru publikoz ez dadila plaza gehiago hitzartu honelako enpresekin, zeinek jazarpen sindikala egin eta eskubide laboralak urratzen dituzten; hala gertatu da azken urteetan, eta oraintsu izandako kaleratze eta zigorrek are larriagoa bilakatu dute auzia. Amma Argarayri dagokionez, Gobernuak 60 bat plaza laguntzen ditu diruz, baina orain arte ez da lan-baldintzen eta bestelako xehetasunen jarraipenik egin.
AMMA Taldeko zuzendaritzak langileen baldintzei egin dien eraso sistematikoak ez du etenik izan; esaterako, langile kolektibo bat kaleratu zuen aldi baterako ezintasun egoeran denbora luzez egon zirelako. Gero, lan-baldintzak zeharo okertu zituen; Erroko eta Beteluko langileei egoitzen hitzarmen estatala aplikatzen hasi zitzaien.
Orain zuzendaritzak areago estutu nahi ditu langileak eta espedienteak ireki dizkie, baita kaleratu ere (hauen artean Amma Argarayko ordezkaria) enpresan urte asko daramatelako eta ez dituztelako onartzen lan-baldintzak okertzen dituzten erabakiak, hitzarmena negoziatzeko tenorea hurbil delarik.