Astebeteko greba Gipuzkoako adineko egoitzetan

2010/11/18
ELAk eta LABek 8 eguneko greba egiteko deitu dute Gipuzkoako adineko egoitzetan, UGTk eta CCOOek hitzarmen nabarmen atzerakoi bat gutxiengotik sinatu ondoren. Greba azaroaren 22tik 28ra izango da. Bi sindikatuen esanetan hitzarmena Gipuzkoako egoitzetako langileei iruzurra da. Joseba Villarreal, negoziazio kolektiboko arduradunak azalpenak ematen dizkigu elkarrizketa batean.

Azaroaren 4an, UGTk eta CCOOek, sektoreko ordezkaritzaren %20 baino izan gabe, Adinekoen Egoitza Pribatuen Gipuzkoako Hitzarmena sinatu zuten. Baina hitzarmen atzerakoi bat ontzat ematea, eta sektore hori maila duin batera jasotzeko urtetako borroka pikutara botatzea gutxi balitz, sindikatu horiek bitartekari bakarrak izan nahi dute, langileek hitzarmenaren aplikazioa eskatzen dutenerako. Eraso horren aurrean, ELAren eta LABen erantzuna berehalakoa izan da, eta astebeteko greba iragarri dute sektorean, enpresak eta Aldundia —gertatutakoaren azken erantzulea— benetako negoziazioa egitera behartzeko asmoz. Joseba Villarrealen esanetan “Gizartegintzako ahaldunak, lehenago edo geroago, negoziatu beharko du”.

- Zer deritzo ELAk gutxiengoan sinatze horri?

- Hitzarmen hori sinatu izana eraso jasanezina da sektoreko 4.000tik gora langileentzat, bai gauzak eraman diren moduagatik, bai hitzarmenaren edukiagatik —nabarmen atzerakoia izan baita—.

Gogoratu beharrekoa da ELAk ez zuela sinatu sektoreko lehen hitzarmena, 2005. urtean, ez baikenuen nahikotzat jo. Ordutik hona ELAk enpresa-mailako hogei bat hitzarmen negoziatu ditu, kasu guztietan sektore-mailakoa hobetu dutenak.

Aurreko hitzarmenaren indarraldia behin amaitu ondoren, ELAk aurrerapauso nabarmenak emateko erabakia hartu zuen. Hori horrela, 2009ko hasieratik horretan saiatu izan gara, LABekin batera, eta mobilizazioak bultzatu ditugu, benetako negoziazioa gauzatzeko asmoz. Eta bi urteko borrokaren ostean, CCOOek eta UGTk men egin diote patronalari, guztiz jokabide antidemokratikoa eginez, ordezkaritzaren %21 baino ez baitute. Eta sinatu duten hitzarmena nahikoa ez izateaz gain, atzera ere egiten du hainbat arlotan, lehendik finkatuta zeuden lan-baldintza batzuetan.

- Zeintzuk dira, zehazkiago, atzerapauso horiek?

- Lehenengo eta behin, gehienezkoen hitzarmena da, enpresa-mailan ezin izango da ezer negoziatu sektore-hitzarmenetik gora. Beraz, enpresa-hitzarmenak kolpe batez desagerrarazi dituzte. Hori oso larria iruditzen zaigu.

Bigarren, hitzarmenean ez da jaso subrogazio-eskubidea.

Hirugarren, soldata-igoerari dagokionez “oro ez da urre”, zeren hitzarmenean salbuespen-klausula bat agertzen da soldata-arloan.

- Eragin mugatuko hitzarmena denean, langileek jakinarazi behar diote enpresari hitzarmenaren eraginpean geratu nahi izatea. Eta horretan ere, berrikuntza izan dugu.

- UGTk eta CCOOek oso pauso larria eman dute gure ustez. Gutxiengoan sinatzea gutxi balitz, hitzarmenaren eraginaren eskaera enpresari zuzenean egin beharrean —hala egin ohi baita—, haien bitartez egitea ezarri dute. Haiek dira bitartekari ofizialak.

Gainera, 2011ko urtarrilaren 1a baino lehen hitzarmenari atxiki diotenek bakarrik jaso ahal izango dituzte 2009 eta 2010 urteetako atzerakinak.

Hitzarmen hori etengabeko xantaia da sinatu ez dutenentzat eta men egin nahi ez dutenentzat.

- Ze-nolako giroa dago sektorean?

- Jendea haserre dago, eta ez da gutxirako. Hitzarmena ezin txarragoa da. Sektoreko emakumeek, hainbeste ekin eta gero, zituzten itxaropenen mailaren neurrikoa ez da. Iruzurra egin diete bertako langileei, demokraziari eta mugimendu sindikalari.

Gure eginbeharra orain, sindikatua garen aldetik, egoerari buelta ematen saiatzea da.

- Nola iritziko zenioke CCOOen eta UGTren jokabide horri?

- Jokabide lotsagarria. Patronalaren soinura jo dute. Dena dela, ELAn uste dugu gertatutakoaren azken erantzulea Aldundia izan dela. ADEGI tresna da, eta UGT eta CCOO beharrezko laguntzaileak.

- Zergatik diozu erantzulea Aldundia dela?

- Ohi bezalako negoziaziorik ez da egin, eta horren erantzulea Maite Etxaniz ahalduna da. Aldundiak finkatu ditu hitzarmenaren baldintzak eta mugak. Aldundiak bilatu du sinadura, eta babesa eman dio gutxiengoan egindako akordioari. Enpresak Aldundiaren bitartekari hutsak dira.

Inor ez dadila nahastu, oraingo hitzarmen hau Etxanizen zuzendaritza-taldeak eta sektoreko enpresek abuztuan egin zuten akordioaren emaitza da, ondoko bi puntu hauek oinarri harturik: hitzarmenaren edukia, eta Aldundiak enpresei egoiliar bakoitzeko ordaintzen dien tarifaren igoera.

Jendaurrean salatu beharrekoa da, bestalde, ez ahaldun nagusi Markel Olanok, ez Gizartegintzako arduradun Maite Etxanizek ez dutela hartu nahi Herri honetako sindikatu nagusia. Aldundiak bizkar ematen die sindikatuei, ez badaude prest edozein gauza sinatzeko.

- Erasoa inoiz ez bezalakoa da. Nolakoa izango da ELAren erantzuna?

- ELAk eta LABek astebeteko greba iragarri dugu, azaroaren 22tik 28ra, sinadura horren aurkako gure protesta agertzeko, eta benetako negoziazioa eskatzeko. Aldi berean, biltzarrak antolatzen ari gara lantoki guztietan, hitzarmenaren edukia eta horrek dakarkiguna azaltzeko.

Gizartegintzako ahaldunak bere ardurapeko kontua ez dela esan arren, lehenago edo geroago negoziatu beharko du.

 

ELKARRETARATZEAK

ASTELEHENA, AZAROAK 22

11:30etan kontzentrazioak

TOLOSA: Udaletxe parean

ZARAUTZ: Udaletxe parean

BERGARA: Udaletxe parean

ERRENTERIA: Udaletxe parean

DONOSTIA: Txara II

ASTEARTEA, AZAROAK 23:

11:30etan kontzentrazioa TXARA II (Zerbitzu Sozialen departamentua, Donostian)

ASTEAZKENA, AZAROAK 24

11:30etan kontzentrazioak

TOLOSA: Udaletxe parean

ZARAUTZ: Udaletxe parean

BERGARA: Udaletxe parean

ERRENTERIA: Udaletxe parean

DONOSTIA: TXARA II

OSTEGUNA, AZAROAK 25

15:30tan kontzentrazioa BATZAR NAGUSIETAN (Miramon)

OSTIRALA,AZAROAK 26

11.30etan FORU ALDUNDITIK Manifestazioa Donostiatik