Atzerritarren Legea: eskubideak urritu, errepresioa ugaldu

2009/12/01
ELAk gogoratzen du onetsi berri den erreforma, Atzerritarren Legeari egindako laugarren erreforma dela zortzi urte eskasetan; eta bi helburu dituela batik bat: etorkinek eskubide soziolaboralak eskuratzeko dituzten zailtasunak areagotzea, eta gizatalde horrekiko errepresioa handitzea.

Atzerritarren Legearen erreformak direla-eta, ELAk beste batzuetan ere salatu duenez, Espainiako Gobernuarentzat etorkinak eskulan merkea besterik ez dira, lan-merkatuaren beharrizanen arabera kontrolatu eta doitu behar direnak.

Errepresio-neurrien eraginez, etorkinak, eskubiderik gabe, ezkutuko ekonomian aritu behar dira, ikusezin eta babesgabe, lan-zapalkuntzaren arriskupean.

Ondoren zerrendatu ditugun neurriek argi eta garbi islatzen dute Espainiako Gobernuaren asmoa nolakoa den: etorkinak, lan- eta gizarte-arloetan, diskriminatzen jarraitzea.

·         Etorkinak sailkatu eta mailakatu egin ditu: Paper bakoak, aldi baterako txarteldunak, luzaroko txarteldunak, txartel urdindunak, eta erregimen bereziko ikertzaileak.

·         Erroldatzea zaildu du, eta erroldatu gabe egonez gero beste bide batzuk mozten dira: osasuna, hezkuntza...

·         Egoitzako eta laneko lehen bisatua lortzeko zailtasunak gehitu ditu.

·         Etxebizitza-arloko laguntzak eskuratzeko baldintzak ugaldu ditu.

·         Genero-indarkeria jasan duten emakumeak bertan behera laga ditu.

·         Familia elkarganatzeko aukerak mugatu ditu (ezkontidea, 18 urtetik beherako seme-alabak, adin horretatik gorakoak ere bai urrituak badira, eta 65 urtetik gorako gurasoak.

Erreforma honen barruan, neurri penalak ere jasotzen dira; hona hemen baten bat:

·         Lagundu gabeko adingabeak sorterriratzea erraztea.

·         Etorkinak barnelekuetan atxilotzeko epea 40 egunetik 60 egunera zabaldu da.

·         Elkartasuna kriminalizatu da.

·         Zehapenak eta zigorrak gogortu dira, eta isunak gehiegizkoak dira.

Horiek horrela, agerian geratu da Gobernuak duen gogo eskasa, etorkinak bertan errotzeko. Immigrazio-politika ekonomiaren eta merkatuaren ildoetatik doa, pertsonen eskubideak alde batera utzita.

Sindikatu honen ustetan, legearen erreforma prestatzean bilatu duten xedea are gehiago diskriminatzea, prekarizatzea eta baztertzea izan da berez krisiaren eraginez gehien zigortuen zegoen gizataldea.

Horregatik guztiagatik, ELAk Lege hori gaitzetsi du, eta gainera, hurrengo eskakizun hauek egiten ditu: Legea indargabetzea, denentzat —nondik etorri diren begiratu barik— eskubide guztiak aitortzea, eta herri-erakundeen immigrazio-politika goitik behera aldatzea.