Auzitegi Gorenak subrogazio-eskubidea onartu die Gipuzkoako Aldundiaren azpikontratetako langileei
Aipaturiko enkantean —lehengo Ahaldunen Kontseiluan onetsia— zentro horietako pertsonalaren subrogazio partziala jasotzen zen, Ahaldunen Kontseiluaren beraren akordioak urratuz. Garai hartan Biharko Gipuzkoa, S.L. enpresak kudeatzen zituen zentroak. Enkantean eskainitako 3 zentroetatik, 2 Biharko Gipuzkoa enpresari esleitu zizkioten, eta hirugarrena (Txara-1 bizikidetza-atalak) beste enpresa bati, zeinak 2 langile kaleratu zituen. Enpresa berri hori, gero, kaleraturiko langileei kalte-ordaina ematera kondenatua izan zen. Eta behar ez zen eta lekuz kanpo zegoen gatazka bat sortu zen.
ELAk baldintza-orriak errekurritu zituen administrazioarekiko auzibidetik, eta aurtengo maiatzean Auzitegi Gorenak eman duen epaian garrantzi handiko zenbait gai ezarri du, ELAren eskakizunei arrazoia emanez. Batetik, Auzitegi Gorenak adierazten du baldintza-orri horiek GFAko pertsonalaren lan-baldintzen Akordio Erregulatzailea urratzen dutela, eta zehazkiago Akordioaren 17. artikulua, non honela ezarrita dagoen: zerbitzu publikoaren emakidaren eraginpeko zentroko langile guztiak subrogazio-klausularen barruan geratu behar dira. Bestetik, Auzitegiak uko egin dio GFAaren nahiari, zeinak bere errekurtsoan subrogazio-eskubidea negoziatzeko ez moduko gaitzat jotzeko eskatzen baitzuen. Auzitegi Gorenaren arabera, behin gai bat negoziatu ondoren eta Ahaldunen Kontseiluan onetsi ondoren, nahitaez bete beharrekoa da herri-erakundearentzat.
Gainera, Auzitegiak hitzerdika-edo oso gauza garrantzitsu eta erabakigarria aipatu zuen, akordio erregulatzaileak GFAaren, enpresa esleipendunen, eta azpikontratetako langileen arteko lokarri zuzena sortzen duela baieztatu baitzuen.
ELAn uste dugu epai horrek argi utzi dituela azpikontratetako langileentzat garrantzi handiko gai batzuk. Izan ere, epaiaz geroztik GFAk ezin izango du zerbitzu publikorik enkantean eskaini, subrogazio-klausularik gabe. Baina epaia harantzago doa, eta zerbitzu pribatizatuak lehengoratuz gero (publifikazioa), orduan ere azpikontratetako pertsonalari subrogazioa aplikatzeko aukera aipatzen da, foru-erakundeak zerbitzu hori aurrerantzean berriro zuzenean kudeatuko balu ere.
Beraz, Auzitegi Gorenaren epaia ikusita, ELAren iritziz argi dago nola lehengoratu behar den Menpekotasuna Balioesteko Zerbitzua. GFAk azkenean zerbitzu hori lehengoratzea erabakitzen badu —gaur egun Matia Fundazioak kudeatua—; ELAren ustez azpikontratako langile berek okupatu behar dituzte lanpostuak, behin betiko hornitzen diren arte. Osterantzean, kaleratze deusezak edo bidegabeak egingo lirateke, eta kidego horren subrogazio-eskubidea urratuko litzateke.
Azkenik, ELAk adierazten du azpikontratetako langileen subrogazio-eskubidea inoiz baino irmoago zainduko duela, bai enpresa pribatu batera aldatzeko, bai herri-erakunde batera aldatzeko ere. Horregatik dei egiten diogu GFAri epaia betetzeko, eta erakunde horren baitan egin daitezkeen zerbitzu-lehengoratzeen saioei begira azpikontratetako langileekin negoziazio- eta adoste-prozesuak bultzatzeko.