ARMAGABETZEA

Béatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheverry bake artisauen absoluzioa eskatu dute sindikatu eta gizarte eragileek

2024/03/26
Apirilaren 3an egingo diren Euskal Herriko zazpi hiriburuetako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE, HIRU sindikatuetako eta jendarte zibileko hainbat ordezkarik prentsaurrekoa eskaini dute gaur, Foro Sozialeko kide izanak. Hala nola, Antxeta Irratia, Bilgune Feminista, Etxerat, Egiari Zor, Gernika Batzordea, Hitz&Hitz, Bakea eta Duintasuna, eta Sareko eragileak.

Izan ere, apirilaren 2an eta 3an 'Bakearen Artisauak' izenez ezagutzen direnen aurkako epaiketa egingo da Parisen. Béatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheverry daude auziperatuta. Bada, horien absoluzioa eskatu dute eragileek, eta apirilaren 3an egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu.

Bertan, Agus Hernan giza eskubideen aldeko ekintzaileak eta Bego Atxa Sareko ordezkariak gogorarazi dute euskal gizartearen inplikazioa beharrezkoa izan zela ETAren armagabetzea burutzeko, baita gatazka armatuaren konponbiderako hainbat auzietan ere. Hori dela eta, Bakearen artisauen aurkako epaiketaren aurrean (martxoaren 16an prentsaurreko jendetsua egin zen Luhuson bi auziperatuen absoluzioa eskatzeko), erantzuteko behar dela ziurtatu dute, eta Ipar Euskal Herrian auzi hori dela eta garatzen ari den dinamika zabalarekin bat egiten dugu. “Gaurko prentsaurreko honekin, gure asmoa da bikoitza da: alde batetik, eskaera hori Hegoaldean ere ikusaraztea; eta, bestetik, gure oinarri sozialei eta herritar guztiei dei egitea datorren apirilaren 3an Euskal Herriko zazpi hiriburuetan egingo diren mobilizazioetara”.

Dei horrekin bat egin dute Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Igor Arroyo LABeko koordinatzaile nagusiak. “Ezin dugu ulertu Beatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheberry epaileen aurrean agertu behar izatea bakea eta elkarbizikidetzaren aldeko ekimena bat egiteagatik”, adierazi du Lakuntzak. “Epaituko diren bi pertsonen eta dagoneko hil diren hiru pertsonen konpromisoa eskertu eta babestu nahi dugu. Baita haien absoluzioa eskatu ere”.

Ildo beretik, Igor Arroyok honako hau gaineratu du: “Luhusoko epaiketak argi adierazten du Euskal Herrian egondako bake prozesuaren izaera ezohoikoa. Alde batetik, bi Estatuetako egitura politiko, juridiko eta polizialek jarritako oztopoak izan ditugu; eta bestetik, oztopo horiek gainditzeko egindako ahaleginak, ez soilik Ezker Abertzalearen aldetik, baita Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politiko anitzen aldetik ere”. Espainiar estatuaren biktima guztien aitortza falta dela gaineratu du, eta anpatu “sakabanaketarekin amaitu bada ere, euskal presoei ezarritako salbuespenezko legedi penala eta penitentziarioa ez da erabat indargabetu”.

ELAren adierazpena