Beste lan istripu larria, oraingo honetan Hondarribian
Ohar honen bitartez, atzo arratsaldeko 19:00tan gertatutako lan-istripua publikoki salatu nahi dugu, non “Almirante berria” ontzian lanean ari zen arrantzale bat hil zen. Antza denez langilea (J.E.C. 57 urte) arrantzarako sareen artean trabatu eta Hondarribiko (Gipuzkoa) uretan itota hil zen. ELAk, bihar osteguna urriak 29 eguerdiko 12:00etan Hondarribiko Arrantzale Kofradiaren aintzinean LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuekin batera deitutako protesta elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu du.
Lehenik eta behin hildako langilearen senide eta lankideei gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu. Aldi berean, istripuaren arrazoiak argitzen aldera istripuaren ikerketa sakona burutu dezaten eskatzen duguu.
Horretaz gain, lan-ezbehar kopuruaren gorakadaren aintzinean gure haserrea adierazi nahi dugu. Aurten, lan-gaixotasunen ondorioz hildakoak kontuan izan gabe, gutxienez 38 pertsona lirateke HEHn beraien lanpostuetan bizitza galdu duten pertsonak, hauetatik 11 Gipuzkoan. Era berean, lan-ezbehar kopuru orokorra ere hazten ari da oro har.
Hau ez da kasualitate hutsa, baizik eta langileriaren segurtasun eta osasunaren gainetik enpresen irabaziak lehenesten dituen lan-harreman eredu honen ondorio diren egiturazko arrazoiak daude honen jatorrian. Krisi ekonomikoaren aitzakian burututako erreforma eta murrizketak Euskal Herrian bete-betean aplikatuak izaten ari dira, eta euskal langileontzat lan-prekarietatearen handitzea besterik ez dakarte.
Lanegun amaigabeak, lan-erritmo jasanezinak, segurtasun neurrien gabezia, kontrolik gabeko azpikontratazioa, behin behineko eta aldi-baterakotasuna..., guzti hauek hedatzen ari diren eta lan-ezbeharretan eragin zuzena duten prekarietate faktore batzuk besterik ez dira.
Horregatik, esparru ezberdinetatik lan-ezbehar kopuruaren handitzea langileok inolaz ere somatzen ez dugun jarduera ekonomikoaren ustezko susperraldiari egotzi nahi izatea onartezina deritzogu, eta patronalak susperraldia egonkortu heinean gorakada hau onartzera behartuta egonen garenaren baieztapenak egitea are deitoragarriagoa iruditzen zaigu.
Langileon lan baldintza duin eta segurtasunezkoak bermatuko dituen beste lan-harreman eredu bat ezartze aldera, aipatutako lan prekarietate faktoreak mugatzeko eta enpresen betegabetzeen aurreko kontrola areagotzeko berehalako neurri eraginkorrak hartzeko exigitzen dugu. Zentzu horretan lan-segurtasun eta osasunean ardura daukaten erakundeen ekintzak eta hauei bideratutako baliabideak azken urteetan bortitzki murriztuak izan direla salatu nahi dugu.
Azkenik ELAtik, aldarrikapen eta borrokarako oinarrizko tresna diren antolakuntza eta mobilizazio sozialaren bitartez Euskal Herriko langileon eskubideen alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu.
Horregatik ELAk, bihar osteguna urriak 29 eguerdiko 12:00etan Hondarribiko Arrantzale Kofradiaren aintzinean LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuekin batera