Bestelako mundua posible da. G-8-rik ez!

2005/07/05

Urtero bezala, aurten ere, Munduko herrialderik ahaltsuenak bilduko dira nazioarteko politikak bateratu nahian. Munduko 7 herrialderik aberatsenek eta Errusiak osatzen dute G-8a, eta urterik-urte mundu osoan eragina duten neurriak eta erabakiak hartzen dituzte beren interesak bakarrik kontuan hartuz, gainerako guztien benetako beharrizanak aintzat hartu barik. Oraingo honetan aztergaiak hauexek ditugu: zorraren arazoa eta klima-aldaketa.

ZORRAREN ARAZOA

Gleneagles-ko (Eskozia) gailurra egin aurretik, G-8ko finantza-ministroek iragarri dute 18 herrialde pobreri estatuz gaindiko erakundeekin dituzten zorrak (Munduko Bankuarekiko edo Nazioarteko Moneta Funtsarekiko) barkatu egingo zaizkiela. Neurri hori ez da nahikoa: alde batetik, ez zaie barkatuko Munduko Bankuaren arabera egoera berean dauden beste 42 herrialdeei (biztanle gehien dituztenak), eta bestetik, ez doa hartzekodun pribatuekin eta estatuekin dituzten zorren arazoa konpontzeko zentzuan. Gainera, horren trukean politika neoliberalak onartzeko eskatzen zaie herrialde horiei (pribatizazioen gobernu-gastuetan muga zorrotzak, eta gizarte-kostuak kontuan hartu gabe). Politika horiek on egingo diete herrialderik aberatsenei, eta kalte zorpeko herrialdeei.

Zorraren barkamenak baldintzarik gabekoak izan beharko lirateke. Hegoaldeko herrialdeei zorra ordainaraztea ez da bidezkoa; ez dugu ahaztu behar zordunak baino hartzekodunak direla, neurri handi batean, zor soziala, historikoa eta ekologikoaren hartzekodunak.

INGURUMENA ETA EKONOMIA

G-8ren bilera honek ez dauka aukera handirik ingurumena hobetzeko; George Bush-ek, bilera hasi aurretik, ohartarazpen zehatzak eman dizkie-eta. Mundu-mailan berotegi-efektuko gas gehien botatzen duen herrialdeko presidenteak ez du eragozpenik izan esateko Kyotoko Protokoloaren antzeko beste edozein erabakik zapuztu egingo zuela bertako ekonomia, eta ez dagoela prest horrelakorik onartzeko. Beti bezala, lehenengo, ekonomia, eta gero, gerokoa.

Areago, orain gero eta petrolio gutxiago dagoela, eta agortzear dagoela denen ahotan egon arren, Ameriketako Estatu Batuek erregai horretan oinarritzen dute ekonomia, eta beren politika militarra ardatz horren inguruan dabil biraka. Dena dela, estatu batek ere ez du serio hartzen petrolioa ordezkatzeko beharra. Inork ez du aztertzen bestelako energia berriztagarriak eta garbiak arian-arian ezartzeko beharra. Azkenean ordezkapena bat-batean eta modu traumatikoan egin beharko da.

Lehen munduko ekonomia haziz doa, baina herrialde pobreen kontura, baita ingurumenari dagokionez ere. Planetaren berotze-joera oso kontuan hartu beharko litzateke gerora begira, zeren dirua baino garrantzizkoagoa da Lurraren egoera edo, bestela esanda, gure osasunaren egoera.

ELAk, ESK-k eta STEE-EILASek plazaratu nahi dugu gure aldarrikapena: Bestelako mundu bat posible da. Baina horretarako, nazioarteko erakundeak eta gobernuak ezartzen ari diren politika neoliberalak aldatu beharra dago. G-8ak bultzaturiko politikak munduko pobreziaren eta ingurumen-hondamenaren errudunak dira, neurri handi batean.

Gaur, G-8ko gailurra hasten den egunean, goi-mailako gobernu horien, Euskal Herriko gobernuen, eta mundu osoko gobernu neoliberalen politikak salatu nahi ditugu.